Erreboteko frontisaren XVIII. mendeko harriak azaldu dira San Joan Plazan

Erreboteko paretaren eskuin aldean azaldu dira frontiseko harriak. /  ETXEBERRIA
Erreboteko paretaren eskuin aldean azaldu dira frontiseko harriak. / ETXEBERRIA

Tamaina handiko hareharrizko harlandu batzuk dira, Alustiza etxea bereizten duen itxitura paretari dagozkionak

ANDONI ETXEBERRIA SEGURA.

San Joan Plaza eta Errebote Plazako berrikuntza lanak azken txanpan sartu direnean iritsi da ezusteko pozgarriena. Hasieran egindako lan arkeologikoek ez zuten ezer berezirik aurkitu. Otsaila eta apirila bitartean burutu ziren eta helburu nagusia lur mugimenduak zaintzea izan zen. Jarraipen arkeologikoari esker, Aranzadi Zientzia Elkartekoek ikusi zuten ondarearen aldetik ez dela inongo aztarnarik geratzen plazan, azken garaietan eginiko hirigintzako obrek guztiz aldatu dutelako substratua.

Eraikuntza aztarna aipagarrienak Errebote Plazako hormaren ondoan azaldu dira. Tamaina handiko hareharrizko harlandu batzuk dira, Alustiza etxea bereizten duen itxitura paretari dagozkionak eta lur azaletik 35-40 cm-tara kokatuak daudenak. Horma XVIII. mendeko bigarren erdialdean eraikitako pilota jokoaren frontisari dagokio. Eraikitze lanak 1769an egin ziren eta idatzita jasotzen den moduan «para un nuevo Juego de Pelota ...asi para pala como para mano en la Plaza Publica».

Garai hartan pilotak zuen arrakastari erantzuna emanez egin zen joko zuzeneko pilotalekua herrian, «pilota leku ederra Segurakoa», hainbat idatzietan jasota dagoen moduan. Plazan pilotan jokatu zen XX. mendearen hasiera arte, herritarrak Udalari pilotan aritzeko pareta altuagoa egitea eskatzen hasi ziren arte. Erreboteko paretak 4 metroko altuera zuen eta baxua zen XIX. mendearen erdialdera indarra hartzen ari ziren modalitate berrientzako, ble jokoak. Kautxuzko pilota arinagoei esker indartu ziren joko hauek, ezker paretako frontoiak sortuaz, egokiagoak zirenak modalitate berrientzako. Erreboteko frontiseko harriak ezker paretako frontoia egiteko erabili ziren 1906an. Uste zen denak erabiliko zituztela, baina orain ikusi da ezetz, batzuk bere lekuan geratu zirela eta orain bistarazi egingo dira.

Errebotearen testigantza

Aranzadi elkartearen arabera, harri hauek frontoi zaharraren eta errebote jokoaren eraikuntza aztarna bakarrak dira, plazaren beste bazterrean kokatuta dagoen sake harria salbuespen. Aztarna hauek plazaren jatorrizko itxura azaltzen digute, plazari eman zaion jolas eta jai erabilpenari dagokionean. Horregatik, horma horien luzera osoa garbitzea proposatzen du Aranzadiko arkeologoa den Alfredo Morazak, agerian utzi arte. «Aldi berean, hormak urbanizazioaren barruan agerian uztea proposatzen da, baliabide eta aukeren arabera, frontoi zaharraren testigantza bakarra den heinean. Modu honetan, Segurako hiribilduaren Kultur Ondareak beste urrats bat emango luke, herriak duen ondare aberatsa osatuz».

Errebote plaza, Herriko plaza, arboladia eta frontoi zaharrean sortu nahi den espazio berria Dunak taldeak diseinatu du. Koldo Telleria herritar arkitektoa taldeko kidea da eta obren jarraipena egiten ari da. Koldoren arabera, «lanak ondo doaz, espero bezala. Indusketa arkeologikoari garrantzi handia eman genion eta uste genuen plaza inguruan zerbait interesgarria azalduko zela. Ez da horrela izan eta azkenean ezusteko erreboteko frontisarekin izan dugu eta pozik gaude. Azaldu den horma zatia bistaratu beharko dugu eta proiektua aldatuko du eremu horretan, baina horrek ez ditu lanak luzatuko. Udalak eta obra burutzen ari den Lurkide enpresak obra Sanjoanetako amaitzeko hitzarmena dute, baina guk ez diogu horri erabateko garrantzirik ematen. Gure lehentasuna gauzak ondo egitea da. Erdiko kalean ere garai bateko galtzadaren harriak azaldu dira eta harri horiek plazan nola erabili aztertzen ari gara. Kale Nagusian ere ziur gaude egongo direla galtzada zaharreko harriak».