Eñaut Elorrieta Lazkaon, Kaabestri String Ensemble hari-boskotearekin

Eñaut Elorrieta Kaabestri String Ensemble hari-boskotearekin batera. /
Eñaut Elorrieta Kaabestri String Ensemble hari-boskotearekin batera.

Kantaldia eskainiko dute Arerian, otsailaren 9an eta sarrerak salgai daude udaletxean

AINARA ALARCIA LAZKAO.

Eñaut Elorrieta musikariak kantaldia egingo du Lazkaoko Areria antzokian, otsailaren 9an. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariek osatutako Kaabestri String Ensemble hari-boskotearekin arituko da.

Elorrieta, zuzenean interpretatzeko eta gozatzeko asmoarekin sortutako proposamena aurkeztera dator oraingoan Lazkaora, 'Harian' bere lan berria. Ken Zazpiko abeslariaren ahotsaz gozatzeko aukera izango dute animatzen direnek, beste musika-tesitura batean, bi biolinek, biola batek, zello batek eta kontrabaxu batek lagunduta eta emanaldi honetarako egindako musika-moldaketekin.

Otsailaren 9an izango da kontzertua, 20:15ean hasita, Areria antzokian, eta sarrerak salgai daude dagoeneko, udaletxean (12 euro).

Elorrietak berak agertzen duenez, duela bi urte hasitako esperimentazio fase baten ostean etorriko da orain eszenetokietara eramaten ari den proiektua. «Bakarka kontzertu batzuk eman nituen gitarrarekin, Labeque ahizpekin ere kolaboratu nuen, probatu nituen beste musika batzuk, beste musikarien esperientzia jaso... ikasteko gogoa neukan. Bestaldetik, banuen gogo izugarria nire ahotsean gehiago zentratzeko, kantari bezala hasteko. Ken Zazp-rekin ere izan genuen orkestra sinfoniko batekin esperientzia bat eta beti deitu izan dit atentzioa soka boskote batek. Iruditzen zait oso formatu osoa dela eta fina aldi berean. Hor ikusi nuen aukera aurretik zabaldutako bide horri espazio berri bat emateko. Horrela izan zen eta egia esan, niretzat oso esperientzia aberasgarria izaten ari da», azpimarratu du gernikarrak.