Emakume baserritarrek bota zuten Gazteluko jaien txupinazoa

Herriko emakume baserritarrek omenaldia jaso zuten. /  YARZA
Herriko emakume baserritarrek omenaldia jaso zuten. / YARZA

YARZAGAZTELU.

Gazteluko Andre Mariaren Jasokundeko jaiak atzo hasi ziren eguerdian botatako txupinazoarekin. Aurten herriko emakume baserritarrak izan ziren suziria pizteko arduradunak. Luzia Arana, Josefa Arrospide, Edurne Arsuaga, Lurdes Zabala eta Milagros Etxeberria omendu nahi izan zituzten jai batzordeko kideek. Ondoren, herriko dantzariek Agurra dantzatu zieten eta emanaldia eskaini zuten plazan.

Jarraian, haurrek eta gazteek ederki pasa zuten plaza inguruan eta frontoian zeuden puzgarrietan salto eginez eta tirolinan ibiliz. Gainera, goiz guztian zaldi-gurdian ibiltzeko aukera izan zuten herritarrek.

Haurrek elkarrekin bazkaldu zuten Erroizpe Azpiko kultur eta kirol elkartean. Bazkalondoren, berriz, kamisetak egiteko tailerra izan zen haurrentzako. Txikienak gustura aritu ziren kamisetetan marrazkiak egiten.

Gaur herri-kirol erakustaldia

Gaur, Andra Mari egunean, goizeko 10:30ean diana joko dute herriko txistulariek, eta 11:00etan meza ospatuko da elizan. Ondoren, hamaiketakoa eskainiko da guztientzat. Eguerdian, herriko haurren arteko pelota partidak jokatuko dira eta 13:00etan toka-txapelketa antolatuko da. Arratsaldeko 18:00etan herri-kirol erakustaldia egingo dute herriko gaztetxoek, segan, trontzan eta aizkoran arituko dira. Harri jasotzen, berriz, Ostolaza aita-alabak arituko dira. Jarraian, Kalean txarangak girotuko du eguna. Iluntzeko 21:00etan herri-afaria egingo da eta ondoren Txikik bakarrizketa eskainiko du, '40 urte eta aldapan behera niek'.