Elkartasun azoka ugaria egin zen Legorretan

Herritarrek emandako jostailu aukera zabala izan zen. Irrintzi Alai dantza taldekoek materiala saldu zuten. /
Herritarrek emandako jostailu aukera zabala izan zen. Irrintzi Alai dantza taldekoek materiala saldu zuten.

Jostailuak, urtero bezala, harrera ezin hobea izan zuten eta salmenta ugari izan ziren

NÚÑEZ LEGORRETA.

Urtero bezala, Eguberri jaien baitan Elkartasun Azoka antolatu zen atzo goiz guztian Legorretako pilotalekuan. Helburua Legorretatik Mundura GKEak Hondurasen duen Sinergias proiekturako diru-bilketa egitea zen, baita lortu ere. Azken asteetan herritarrek eman dituzten jostailu, arropa eta liburuak prezio sinbolikoetan saldu ziren goiz guztian. Jostailuak, urtero bezala, harrera ezin hobea izan zuten eta salmenta ugari izan ziren. Saldu gabe geratutako jostailuak elkarte desberdinetara bideratzen dira, hala nola, Caritasera zein garapen bidean dauden herrialdeetara. Era berean, janari bilketa egin zen. Gainera, frontoiaren inguruan hainbat GKE eta elkarteek ere beren aurkezpena egin zuten. Legorretatik Mundura elkarteak Hondurasen duen proiektua azaldu zuen, baita Calcuta Ondoan elkartean edota Activos por un mundo solidario elkarteak Nicaraguan duten proiektua gerturatu zuen.

Bestalde, Fiare banka etikoko eta Goiener energia berriztagarrien aldeko kooperatibak egiten duten lana azaldu zuten, eta Herriak elkarlanean elkarteko kideek bidezko merkataritza produktuak saldu zituzten. Irrintzi Alai dantza taldeko kideak ere poltsak eta ilerako zintak saltzen aritu ziren goiz guztian.

Argazki-erakusketa

Aldaieta jubilatuen elkarteko zuzendaritzak 2018an antolatu diren ekitaldien argazki-erakusketa osatu du elkartean. Erakusketa gaurtik aurrera egongo da irekita, datorren urtarrilaren 6ra arte, goizean 11:30etik 12:30era, eta arratsaldean 19:30etik 20:30era. Ordutegiz kanpo norbaitek ikusi nahi badu Aldaieta tabernatik sartu daiteke erakusketara. Gainera, nahi dutenek irudien kopiak eskatu ahal izango dituzte, bakoitza 0,50 euroan.

Bihar San Silbestre

Urtea agurtzeko San Silbestre lasterketa izango da bihar Aldapa Haundi, Bilkoin eta Jota-Kea elkarteek antolatuta. Eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera lasterketari. Maila ezberdinetako lasterketak antolatuko dira.

 

Fotos

Vídeos