«Elkarlana bultzatuz Ataun biziberritzea eta indartzea da gure konpromisoa»

Xabier Barandiaranek alderdikideen babesa jaso zuen atzoko ekitaldian. /
Xabier Barandiaranek alderdikideen babesa jaso zuen atzoko ekitaldian.

Herriko Batzokian egindako ekitaldian, Xabier Barandiaranen hautagaitza aurkeztu zuen Ataungo EAJ-PNVk

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ATAUN.

Herriko Batzokian ekitaldi politikoa egin zuen atzo arratsaldean Ataungo EAJ-PNVk Udal Hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu asmoz. Bertan izan ziren hainbat alderdikideren aurrean, Xabier Barandiaran alkategaiak «bi konpromiso nagusi» hartu zituen ataundarrekin: Ataun «biziberritu eta indartzeko» lana «gogotik» egitea, batetik, eta helburu hori lortzeko «lankidetza bultzatzea», bestetik, ataundarren arteko «elkarbizitza» sendo-tzeko formula gisa. Ahalegin horretarako GBBko lehendakari Joseba Egibarren eta Markel Olano diputatu nagusiaren babesa jaso zuen atzokoan, besteak beste.

Barandiaranek bere hautagaitzaren bi oinarriak xehetu nahi izan zituen bere aurkezpean. «Ataunek aldaketa bat behar du», adierazi zuen, «herriko bizitzan, azpiegitura eta zerbitzuetan, eta udalgintzan». Hori dela eta Ataun «biziberritu, indartu, modernizatu eta etorkizunerako prest» jartzeko proposamenak dagoeneko mamitzen ari dela aurreratu zuen.

Horrez gain, gogoratu zuen, EAJ-PNVk Ataungo herrian izan duen «historia luze osoan» egin bezala, ataundarron arteko «elkarbizitza eta elkarlana» bultzatuko dituela bere Udaleko jardunean.

Azken aldiz Udal Hauteskundeetarako zerrenda 1991n aurkeztu bazuen ere, oraingo honetan alkate-tzarako hautagaitza aurkeztea erabaki dute EAJ-PNVko alderdikideek.

Herrigintza taldeak bozetara ez zela aurkeztuko jakinarazi zienean hartu zuten erabakia Ataungo EAJ-PNVko kideek. «Herriarekin dugun konpromisoan aurrerapauso bat ematen dugu», gaineratu zuen.

Amaitzeko, bere proposamenen muinean egongo diren alorrak azpimarratu zituen soziologo ataundarrak. Lehendabizikoa, herri bizitzari eta zerbitzuei «bultzada sendo bat ematea» izango da, azpiegitura berrien bidez; bide horretan iragarri duenez, alkate izanez gero «kultura eta gizarte bizitza batuko dituen herritarrentzako gune berri bat» eraikitzeko lan egingo du. Bigarrenik, aipatu zuen «ingurumenaren zaintza eta konpromisoa» garatzearen alde egingo duela, neurri «berritzaileen» bidez. Hirugarrenik, «herriko intereseko gaietan herritarren partaidetza» bultzatzeko «sistema berri bat» sortzearen beharra aipatu zuen eta, amaitzeko, «gizon eta emakumeen berdintasuna lehentasunezko gai» gisa definitu zuen bere proposamenetan.

«Guztion etxea eraikitzea»

Joseba Egibarrek, bere aldetik, EAJ-PNVko kideek ezaugarri duten «herrigintzarako konpromisoa eta grina» aldarrikatu zuen eta, Xabier Barandiaran eta gainontzeko zerrendakideak bezala, jarduera publikoan aritzeko ematen dutenen jarrera eskertu. «Herrigintza guztion etxea eraikitzea delako, azken batean», osatu zuen.

Egibarren esanetan, momentu honetan herriari «lidergoa» eskaintzeko garaia da, «etorkizunera begira dugun proiektua» azaldu eta gidatzeko unea da, herri, lurralde eta nazio mailan. Horretarako biderik egokiena «behetik gorakoa» da eta, hortaz gain, GBBko lehendakariak azpimarratu zuen EAJ-PNVren proiektuak «lau zutabe nagusi» dituela: «abertzaletasuna, konpromiso politikoa, demokratikoa eta etikoa».

«Herri txikiak indartu»

«Inork imajinatzen al du Gipuzkoa herri txikirik gabe eta herri bizitza aberats hori gabe?», galde egin zuen Markel Olano diputatu nagusi izateko EAJ-PNVko hautagaiak, Ataungo ekitaldian. «Dinamismo eta bizitza» hori mantentzeko, baina, «etengabeko lana» beharrezkoa dela gogorarazi zuen, herrigune hauetako «bizitza, ongizatea, zerbitzuak eta ekonomia» sustatuz. «Gaur egun Gipuzkoa indartsuagoa eta orekatuagoa bada, herri txikien alde egin dugun apustu politikoagatik da», adierazi zuen.

Azken legealdian gidatu duen Foru Aldundiak herri txiki eta landa ingurunearekin «hitza bete» duela berretsi zuen diputatu nagusi izateko hautagaiak. Horren lekuko, banda ultra azkarra 2.000 baserritara eramateko martxan jarritako programa, landa inguruneko elektrifikazioa modernizatzeko inbertsioak eta lurraldeko baserri-bideak berritzeko ahalegina.

«Elkarlanean Gipuzkoa sendoa eraikitzen jarraitzeko unea da. Horrek eskatzen du etorkizunera begira ekonomia lehiakorra eta gizarte kohesioa sustatzea, baita herri txikietan ere. Lurralde oreka, landa ingurune eta herri indartsuak edukitzea Gipuzkoa indartzea da», laburbildu zuen.