Egitarau betea Salontzo jaiak agurtzeko

Plazan dantzan amaitu zuten Dantzerki ikuskizuna./
Plazan dantzan amaitu zuten Dantzerki ikuskizuna.

YARZABERASTEGI

. Berastegiko herritarrek ekitaldiz betetako egunarekin eman zioten amaiera aurtengo San Lorentzo jaiei. Goizean herriko haurrek eta gazteek pilota partiduak jokatu zituzten. Ipuliño pilotalekuko harmailak ikuslez bete ziren pilotari gazteei animatu eta tantoak txalotzeko.

Aurrebenjamin mailan Mattin Sarasolak eta Ioritz Saizarrek irabazi zuten, eta bigarren Eñaut Mendikute eta Iker Zubillaga izan ziren. Benjamin mailan, nesketan Uxue Villenak irabazi zuen eta bigarren Maddi Saizar izan zen; eta mutiletan, Urko Bercianosek eta Jon Lasak irabazi zuten, eta bigarren, Oihan Domentxin eta Lorditz Garmendia izan ziren. Alebin mailako irabazleak Joanes Zuriarrain eta Enaitz Zubillaga izan ziren, eta azpitxapeldunak Oier Ugartemendia eta Unai Labaien izan ziren. Jubeniletan, Asier Garciarenak irabazi zuen Aimar Saralegiren aurka.

Arratsaldean, berriz, ohitura den bezala herriko haurrek dantza, txistu eta trikitixa-emanaldia eskaini zuten. Plaza herritarrez bete zen ikasturtean ikasitakoaren kontzertua ikusteko. Amaieran, haurrek dantza-soka eskaini zuten plazan.

Segidan, eskola-atariko karpan 'Epa!' ikuskizuna eskaini zuen Demode Quartet taldeak. Ikusle ugari elkartu ziren laukoteak egin zituen kantu ezagunen bertsioak entzutera.

Gauean, jaiei amaiera emateko Dantzerki emanaldia eskaini zuten plazan herritarrek. Berriro ere plaza ikuslez bete zen dantza eta antzerkia lotzen dituen emanaldia ikusteko.

Urtero bezala herritar ezberdinak herrian egindako lana aitortzeko sariak banatu zituzten. Besteak beste, udal-langileak saritu zituzten jaietan egindako lanarengatik, Marisol Atxukarro Haurreskolako eta eskolako garbitzailea jubilatzea doalako, Urepele elkartean dena konpontzeaz arduratzen diren mutil-taldea, edota Maria Jesus Labaien El Diario Vascoko korrespontsala izan dena joan zen urtera arte.

Gozategi taldearen kontzertuak eman zien amaiera jaiei.