Desfribiladore automatikoa erabiltzen ikasteko tailerra gaur arratsaldean

AMAIA GOIKOETXEA AMEZKETA.

Gaur arratsalderako desfibriladore automatikoa erabiltzen ikasteko ikastaroa dago antolatua Amezketako kultur etxean. Hasiera batean bi saio ziren egitekoak: 17:00etan lehenengoa eta 18:00etan bigarrena. Baina udaletxetik jakinarazi dute azkenean 18:00etako saioa bakarrik eskainiko dela. Norbaitek oraindik izenik eman ez badu eta interesa badu, zuzenean bertaratzeko deia luzatu diote Udaletik.

Udaletxearen eta pilotalekuaren arteko pasabidean dago desfibriladore automatikoa, eta berau erabiltzen ikastearen garrantzia azpimarratu dute Udaletik. «Desfibrilagailuen erabilpena zaila ez bada ere, beharrezkoak dira oinarrizko ezagutza batzuk gailu horiek behar bezala erabiltzeko, ezagutzarik gabe erabiltzeak mesede baino kalte gehiago egin baitezake egoera larri batean», adierazi dute udal arduradunek.

Horregatik, Udalak ordubeteko ikastaro laburra antolatu du herritarrek desfibriladorea modu zuzenean erabiltzen ikas dezaten.

Amezketako osasun zentroko medikuak eta erizainak eskainiko dute desfibriladora erabiltzen ikasteko saioa.