Datorren astelehenetik asteazkenera ospatuko dira Gazteluko jaiak

NÚÑEZ GAZTELU.

Gazteluko herritarren datorren astean, hilaren 13tik 15era, ospatuko dituzte Andra Mari jaiak. Astelehenean barrikotea egingo dute iluntzeko 21:00etan eta ondoren udako zinea izango da plazan. Hurrengo egunean, eguerdian txupinazoa botako da eta jarraian herriko haurrek dantza emanaldia eskainiko dute. Gainera, puzgarriak eta tirolina egongo dira nahi adina jolas egiteko. Ondoren, haurren eta gazteen bazkaria egingo da eta jarraian haurrentzako jolasak antolatuko dituzte herriko gazteek. Amaieran, apar-festa eta txokolatada egingo da. Arratsaldeko 19:00etan herriko musikariek emanaldia eskainiko dute eta iluntzeko 21:00etan herri afaria egingo da frontoian.

Afalondoren, irrintzi lehiaketa antolatuko da. Gaueko 23:30ean DJ Jotatxoren emanaldia hasiko da. Bitartean jolasak antolatuko dira.

Jaien egun nagusia asteazkenean, hilaren 15ean, izango da. Goizeko 11:00etan Meza ospatuko da elizan eta jarraian hamaiketakoa eskainiko da. Eguerdian, frontenis txapelketa azkarra antolatuko da. 12 urtetik azpikoak txokotan jokatuko dute. 13:00etan toka txapelketa antolatuko da. Arratsaldean, berriz, 18:00etan herri kirol erakustaldia izango da, Peio Kañamares, Julen Kañamares eta Donato Larretxearen parte hartzearekin.

Arratsaldeko 19:00etan Asier Gozategi eta Julen Alonso trikitilariekin erromeria hasiko da eta 20:00etan IV. Patata-tortilla txapelketa antolatuko da. Gaueko 22:00etan 'Bakean dagoena bakean utzi' bakarrizketa eskainiko dute Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos