Dantzak eta herri-kirolak Lizartzako jaietan

Otsolar taldeko dantzariak emanaldian. Santurtziko Mendi Alde dantza taldekoekin batera, pieza ederrak eskaini zituzten. / ARGAZKIAK YARZA
Otsolar taldeko dantzariak emanaldian. Santurtziko Mendi Alde dantza taldekoekin batera, pieza ederrak eskaini zituzten. / ARGAZKIAK YARZA

YARZA LIZARTZA.

Lizartzako herritarrek jai giro onean ospatu dituzte Andre Mari jaiak. Igande goizean Otsolar eta Santurtziko Mendi Alde dantza taldeek emanaldia eskaini zuten frontoian. Haur, gazte zein helduek parte hartu zuten dantza emanaldian, herriko zein Santurtziko musikariek girotu zutena.

Santurtziko dantzariek Arratiako jotia, Ur goiena ur barrena, edota Tolosako habanera bat dantzatu zuten, eta lizartzarrek, berriz, Agurra, Banakoa, Bizi poza, eta Oskorri mix, besteak beste. Ikusleek ederki pasa zuten emanaldian eta gogoz txalotu zuten guztiek egindako lana. Mendi Alde dantza taldeko ordezkariek, era berean, beren esker ona adierazteko dantza-taldearen ikurra oparitu zieten Otsolarko kideei.

Santurtziko Mendi Alde dantza-taldeko kideak duela hainbat hamarkada hasi zuten Lizartzako dantzariekin harremana, herri ezberdinetako dantzak ezagutzera eta ikastera egindako irteeratako batean. Lizartzan herriko inauterietako dantzak ikasten aritu ziren duela 40 bat urte, eta azkenekoz Iñaki Zubeldia dantza-irakasleari eginiko omenaldian parte hartu zuten.

Arratsaldean, berriz, herri-kirol erakustaldia eskaini zuten aizkolariek. Batetik Unai Zabala eta Josean Etxeberria aritu ziren eta beste aldetik Alatzne Etxaburua, Xanti Aizpurua, Jasone Aranburu eta Igor Esnaola trontzan. Aizkolariek hiru enbor moztu behar izan zituzten eta bakoitza amaitutakoan trontzalariek lau korte eman behar izan zituzten. Erakustaldia amaitutakoan, Aratz Esnaola, Igor Esnaolaren semeak, enbor bat moztu zuen, eta jarraian, haurrentzako trontza erakustaldia egin zen. Haur zein gaztexo ugari animatu ziren enborra mozten saiatzera.

Temas

Jaiak

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos