Dantza eta kirola Sanantonioetan

Antxieta Musika Eskolako txistulariak dantzariekin./
Antxieta Musika Eskolako txistulariak dantzariekin.

Lau egunen ostean, giro ederrean agurtu zituzten jaiak errezildarrek, besteak beste, herritarren arteko demarekin

A. NUÑEZ ERREZIL.

Errezilgo herritarrek giro onean eta eguzkia lagun zutela agurtu zituzten atzo San Antonio jaiak. Goizean herriko dantzari txikiek emanaldia eskaini zuten, Gaztetandik kultur elkarteak antolatuta. Frontoi gaineko dantzalekua ikuslez bete zen dantzari gazteen ikuskizunaz gozatzeko.

'Zortzikoa', 'Makil txiki', 'Xuberoko makil dantza', 'Lauetan erdizka'... euskal dantza ezagunekin batera koreografia berriak ere eskaini zituzten, hala nola, 'Erre zenituzten', 'Fandango' eta 'Erria txikota' abestien doinura dantzatuz. Antxieta musika eskolako txistulariek lagundu zieten emanaldi osoan piezak joz. Ohitura den bezala, kalejira dantzatuz agurtu zituzten ikusleak datorren urtera arte.

Arratsaldean, berriz, lau eguneko jai-egitarauari amaiera emateko herritarren arteko dema antolatu zen. Kalean gorakoak behekoen aurka aritu ziren kirol lehian. Bi taldeetako kideak harri jasotzen, trontzan, ergometroan, txingak eramaten, zaku-lasterketan, zakua eramaten, lokotxetan eta korrikan aritu ziren. Hamar kideko bi talde, hiru itzuli eginez. Lehia berdindua izan bazen ere, lehenengoan kalean gorakoek irabazi zuten arren beste bietan behekoek osatutako taldeak irabazi zuen. Errebantxa moduan sokatiran egin zuten. Mutilen saioan kalean behekoek irabazi zuten, baina emakumeen saioan eta mistoan gorakoek irabazi zuten, erronka berdinduz.

Giro sargoriak kirolarien lana zaildu zuen arren, gogoz aritu ziren nor baino nor herrikide guztiak lehian. Proba oso berdindua izan zen eta guztiek eskolako jolaslekua bete zuten ikusleen animoak eta txaloak jaso zituzten.

 

Fotos

Vídeos