EH Bilduk merkatariekin elkarlanean landu nahi du tokiko merkataritzaren sustapena

Herriko merkatariekin batzorde iraunkor bat sortzea proposatzen du EH Bilduk. / ARRATIBEL
Herriko merkatariekin batzorde iraunkor bat sortzea proposatzen du EH Bilduk. / ARRATIBEL

«Batzorde iraunkor bat sortuko dugu herriko merkatari guztiei irekia», adierazi du Iker Urruzolak

I. A. ZIZURKIL.

Jakina da tokiko merkataritzak garai zailak bizi dituela. «Zizurkilen ere nabari da hori eta guk ere ez dugu errezeta magikorik, baina urratsak egiteko prest gaude», azaldu du Iker Urruzola EH Bilduko alkategaiak.

Saltoki berriak

«Alde batetik, batzorde iraunkor bat sortuko dugu herriko merkatari guztiei irekia, arlo honetako politikak elkarlanean garatzeko. Horren baitan karga-deskarga guneak edo beste zenbait eskaera aztertu eta neurriak hartzeko prest gaude. Dauden establezimentu eta ostatuei eustea nahiko genukeelako», adierazi du Urruzolak.

Horrez gain urratsa bat haratago joan nahiko luke koalizio abertzaleak: «Elkarrekin erabaki ditzakegun ekimenez gain, Udaleko zerga eta tasetan ezar daitezkeen hobarien bidez saltoki berriak irekitzea bultzatuko dugu. Tokiko merkataritza, gertukoa, ezinbestekoa baita herri bizi bat nahi badugu».