Bikainak izan dira aurtengo jaiak ere

Irudi ugari utzi dizkigute hilaren 13tik 18ra bitartean gauzatu diren San Roke jaiek. Giro bikaina nagusitu da ekitaldi guztietan. / BAZTARRIKA
Irudi ugari utzi dizkigute hilaren 13tik 18ra bitartean gauzatu diren San Roke jaiek. Giro bikaina nagusitu da ekitaldi guztietan. / BAZTARRIKA

Ormaiztegitik Gabiriara XVIII. igoeran errekor bana hautsi zituzten Amets Elosegik eta Jokin Matxinandiarenak

ARANTZAZU BAZTARRIKAGABIRIA.

Abuztuaren 13tik 18ra bitartean Gabiria festa giroan murgilduta ibili da poz-pozik. Izan ere, aurtengo San Roke jaiak ere, beste urteetan bezalaxe, bikainak izan dira.

Aurtengoan, txistularien baserriz baserri eginiko biribilketaren ostean festei ofizialki hasiera Osinalde elkarteko kideen eman zieten makilaren jaitsieran pregoia irakurri eta bertako guztiei festa ederrak pasatzeko opata. Elkarte hau duela 50 urte sortu zuten herriko gazteek kultur mugimendua osatzeko asmoz; egun, jo eta diraute Osinalde bertso sariketa, Goruntz dantza taldea eta beste hamaika ekimen aurrera eraman ostean.

Hala, egun hautan herritar eta herrira gerturatu diren guztiek jan-edan ugari egiteko aukera izan dute bai abuztuaren 16 arratsaldeko txistor eta sagardo dastaketan, baita eginiko bestelako hamaiketako, afari nahiz meriendetan ere. Horiez gain, jakina, toka, bola eta tira-goma txapelketak, egin dira, eta baita Ormaiztegitik Gabiriara XVIII. igoera ere, (aurtengoan 8 urte azpikoetan errekorra egin du Amets Elosegik 8 minutu eta 20 segundoan igota kamino kurutzetik Gabiriara, eta kategoria orokorrean ere Jokin Matxinandiarenak beste errekor bat egin zuen 10 minutu eta 56 segundoan igota Ormaiztegitik Gabiriara).

Bestalde, mozorro gaua lehen aldiz mozorro eguna bilakatu zen, jendea egun guztian eta gauean zehar ere mozorrotuta ibiltzera animatuta, baina horrek ez du esan nahi gaueko mozorro ikuskizunak falta izan zirenik. Umeentzako, jolas, puzgarri eta espuma ere ez ziren falta izan. Eta nola ez, antzerki, kontzertu eta dantzariak ere egon ziren.

Zorionez, Agirin berdintasun taldeak eginiko eraso sexisten kontrako protokoloa ez zen martxan jarri behar izan jaietan.

Hala beste behin, herriko elkarte, udal eta herritar guztien elkarlanari esker, festa bikainak igaro ditugu. Hurrengo urtean gehiago.