Bihartik igandera izango dira Andra Mari jaiak

NÚÑEZHERNIALDE.

Ostegunetik igandera luzatuko dira Hernialden Andra Mari jaiak. Bihar, meza nagusia izango da 11:00etan Andre Mariaren Jasokundeko elizan. Eguerdian, txupinazoa botako da udaletxeko balkoitik eta jarraian, hamaiketakoa eskainiko da elkartean. Arratsaldean, pilota partiduak jokatuko dira 18:00etatik aurrera. Ondoren, 20:30ean, zahagi-ardoa egongo da eta egunari amaiera emateko, Kupela musika taldearekin erromeria goizaldera arte.

Ostiralean, jubilatuen eguna ospatuko da jaien baitan. Eguerdian jubilatuek suziria botako dute, eta, jarraian, toka-txapelketa antolatuko da. Luntxa ere izango da, herriko trikitilariek alaituta. 14:00etan jubilatuentzako bazkaria eskainiko da Ostatuan eta bazkalondoren bingoa. 18:00etan, patata-tortilla lehiaketa antolatuko da, 20:30ean, zahagi-ardoa, eta jarraian, Baltzola eta Andonegi trikitilariekin erromeria.

Larunbatean haurren eta gazteen eguna izango da. Goizean, 10:30etik aurrera, haurrentzako tailerrak egongo dira Intujai teatroren eskutik: zirkua, burbuila erraldoiak, Maider Alzelai ipuin kontalaria eta Imanol Ituiñoren 'Magia parrastan' emanaldia. Segidan, haurren eta gazteen bazkaria eta arratsaldean eta 17:30ean Frontenis Txapelketa. Ondoren, herri-afaria egingo da eta 22:30ean herriko dantzariek eta Alurr dantza-taldeak emanaldia eskainiko dute. Jarraian, Obaneuke musika taldearekin dantzaldia.

Andra Mari jaiak igandean amaituko dira. Goizeko 11:00etan meza izango da, eta jarraian Sagardo Txapelketaren, txorizo pintxoekin. Arratsaldean, berriz, herri-kirol jaialdia izango da 18:00etan. Inaxio Perurena egongo da harri-jasotzen, Pellejero eta Txapartegi aizkoran eta Mikel Lasartek motozerra erakustaldia eskainiko du. Ondoren, 20:30ean zahagi-ardoa egingo da, eta jarraian Gabezin musika taldearekin dantzaldia. Gauerdian, jaiei amaiera emateko traka botako da.