Bihar ospatuko dituzte Santa Marinako jaiak

NUÑEZALBIZTUR.

Albizturko Argisaingo Santa Marina auzoak bere jai eguna ospatuko du bihar. Ohitura den bezala 12:30ean Meza Nagusia eskainiko da Santa Marinako elizan eta ondoren, 14:00etan, herriko jubilatuen bazkaria izango da Segore Etxe Berri jatetxean.

Arratsaldean, berriz, herri-kirol erakustaldia eskainiko dute Albizturko eta Bidania-Goiazko gazteek. Ondoren, Arandia anaiak trikitilariek girotuko dute arratsaldea.

Ur tasen ordainketa

Albizturko udalak 2019ko lehenengo seihilekoko ur-tasen errolda onartu du eta ordaintzeko epea ireki du. Abuztuaren 19ra bitartean izango da borondatezko ordainketa epea. Ordainketa helbideratu gabe daukaten herritarrek udalaren Kutxabankeko kontu korrontean ordaindu ahal izango dute.

Bestalde, ur-tasaren errolda jendaurrean jarri du udalak, herritarrek aztertu eta hala erabakitzen badute, ezadostasun errekurtsoa aurkeztu dezaten udaletxeko sarrera erregistroan. Abuztuaren 11an amaituko da horretarako epea.