Biala orain! bizilagun taldeak kanpaina bat jarri du martxan

Hainbat mobilizazio prestatuko dituzte Aldundiari sahiesbidea egiteko konpromiso formala eskatzeko

I. A. ZIZURKIL.

Biala orain! bizilagun taldeak kanpaina bat jarri du martxan, «Zizurkildarren trafiko arazo latza» salatzeko. Bulandegi eta Ernio bideatik pasatzen den ibilgailu kopurua 10.000tik gorakoa dela eguneko, «ibilgailu astunak barne», gogorarazi dute. «Kontuan hartu behar da Asteasuko industria gunera joateko bide bakarra dagoela, eta hori Elbarrenako erdigunetik pasatzen dela». Bizilagun talde honen esanetan, legediak ezarritako gehiengoak gainditzen dira Bulandegi bidean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko abuztuan egindako soinu neurketen arabera. «Zarata mailak 60 dB(A)koak dira egunean zeharrerako eta 50 dB(A)koak gauerako. Bulandegin, egunez 70-74 dB(A) eta gauez 60-64 dB(A) ko zarata mailak neurtu ziren».

Arazoaren inguruan Aldundiak bere kabuz «erabaki eraginkorrik» hartzen ez zuela ikusita, herritar talde bat bildu zen, dagokionari irtenbidea emateko eskatzeko. «Geure kabuz bildu ditugun datuen arabera, Foru Aldundia 1990ean gaia aztertzen hasi zela egiaztatu dugu. Lehenengo azterketa horren ondoren, gaur egun arte afera hamaika aldiz tratatu da proiektu ezberdinak idatziz, eta Udala eta GFAren arteko bilera ugari egin dira, baina, ez da inoiz behin betiko erabakirik hartu. Eta ez da txantxa, gaia 29 urte luzatu da».

Bizilagun hauek GFA-k beste proiektu batzuei eman diela lehentasuna kritikatu dute, nahiz eta 2018an herritarrok egindako kanpaina batean 350 sinaduratik gora bildu. «Sinadura horiek, bai Zizurkilgo Udalari eta baita GFA-ri ere, helarazi dizkiogu. Bestalde, aipatzekoa da Udal agintari batzuk herritar taldearekin hartu eman zuzenean daudela eta Zizurkil, Asteasu eta Alkizako udalek euren babesa erakutsi digutela, aipatutako eskaera sinatuz».

«Bigarren mailakoak»

Baina erabakia Aldundiak hartu behar du. Martxoan, bide azpiegituretako foru diputatua den Aintzane Oiarbiderekin bildu ziren, «eta argi utzi zigun ez dagoela aurreikusita epe laburrean saihesbidea egitea, euren ustez, beste lehentasun batzuk baitaude. Bestalde, aipatu zigun, abuztuan Bulandegi eta Hernio Bideako errepidearen zoruaren eraberritze estrukturala egingo dela. Gure ustez, lan horiek errepidea ibilgailu astunak pasatzeko prestatzen dute beste urte batzuetarako, beraz, arazoa finkatu besterik ez dute egingo. Agerian geratzen da GFA egoeraren larritasunaren jakitun dela, eta bere utzikeriak zizurkildarroi bigarren mailako hiritar moduan sentiarazten gaitu».

Horregatik,'Biala orain! bizilagun taldeak kanpaina bat jarri du martxan eta Foru Aldundiari saihesbidea egiteko konpromiso formala eskatzeko, «hainbat mobilizazio» prestatuko dituztela jakinarazi du.