Bertso Pilota Ipar Ameriketara eramango dute

2016ko apirilean Argentinan barrena zabaldu ondoren, Bertso Pilotako kideak Ipar Amerikara doaz larunbat honetan

IMANOL ARRATIBEL AMASA-VILLABONA.

Aurreko espedizio hartatik, Amasa-Villabonako Oihana Iguaran eta Iñaki Lizaso dira oraingo honetan itsasoz bestaldera joango direnak. Taldea honako hauek osatuko dute: Pilotariei dagokienez, Urmeneta, eta Esnaola, eta Aizpitarteren ordez, hauek jokatuko dute: Jon Urbieta-27 urte, asteasuarra eta Behar Zanako pilotaria. Denboraldi honetan Gipuzkoako buruz buruko txapela 1.mailan, binakakoa 2. mailan frontoian zein trinketean irabazi dituena. Xabier Urbieta, 26 urte. Asteasuarra eta Behar Zanarekin entrenatzen duena. Pilotari ezaguna, afizionatu mailan urteak goi mailan dabilena, irabazi daitekeen ia dena irabazia duena eta egun Garfe pilota enpresan jokatzen duena. Ibon Aranalde, 35 urte, Oriokoa eta Behar Zana taldearekin entrenatzen duena. Pilotari beteranoa, fina eta oso segurua. Hauekin batera, aipaturiko Behar Zana taldeko Iñaki Lizaso izango da, aurten berriz ere, 35 urterekin joko maila onean dena, trinketean txapela atera berri duena Urbietarekin. Bertsotan, berriz, aipaturiko Oihana Iguaran, 27 urte eta Amasarra. Bertsolari guztiz ezaguna, goi mailan ezarria dagoena, azken urteetan saio on eta asko ematen ari dena.

Azkenik, Beñat Gaztelumendiren tokian Unai Mendizabal zizurkildarra, 27 urte. Azken urteetan gazte mailako sari banaketa askotan txapela irabazi duena. Zer esana ematen ari den eta emango duen bertsolaria. Seikote honek San Franciskon hasiko dute beraien ibilaldia. Asteartean bertako Euskal Etxean BertsoPilota saioa eskainiko dute eta ondoren berriz, afaria eta bertso saioa izango da. Bertso Pilotaren etorrera dela eta, pozarren daudela aitortu dute bertako antolatzaileek. Ondoren Las Vegas bisitatuko dute eta bertako Lagun Onak Euskal Etxea.

Las Vegas bisitatu eta gero Bakersfielden izango dute 3. emanaldia. Pilotan ez ezik, bertsotan eta kantuan arituko dira bertan. Iñaki Lizaso Bihozkadako musika taldeko kideak, gitarra izango du eskuragarri eta kantaldia eskainiko du. Honekin batera euskal kantak abestuko dituzte eta Oihana eta Unaik bertso saioa eskainiko dute bertako Euskal Etxean. Azken eta laugarren emanaldia Los Angelesen, Chinon eskainiko dute. Bertsopilota saioa izango da bertako Centro Vascoan. Beraz eta hasiera batetan, gehiagorik ez bada izaten behintzat, lau emanaldi eskainiko dituzte guztira abentura berri honetan. Argentinan bertsoak gaztelerara itzuli ziren bezala, oraingoan inglesera itzuliko dira. Erronka polita, eta pauso bat gehiago euskal kultura diasporan zabaltzeko bidean.