Borrar
Zaletuek hasieratik ospatu zuten taldea, ongi etorri beroarekin.
Ibarra

Berdinketa lortuta, play-offean bizirik jarraitzen du Lauburuk

Aurkako markagailuari aurre egitea lortu zuen Mataroren kontra, bigarren zatian partida berdintzeko

Amaia Núñez

Ibarra

Martes, 27 de mayo 2025, 21:00

Aurreikusita zuten antzera, golen jaialdia izan zen Lauburu eta Mataroren arteko joaneko partidan. Play-offeko bigarren kanporaketako lehenengo saioa festagune bihurtu zuten zaletuek eta zuri eta morez egindako mosaiko batekin hartu zituzten jokalariak.

Hala ere, bultzada horrek ez zuen zelaian jarraipenik izan norgehiagokaren hasieran eta talde moreari sufritzea tokatu zitzaion. Izan ere, Mataroren atezainak egindako lanak, Diestroren mutilen zorte txarrarekin elkartu zuen. Aukera ugari eduki bazituzten ere, 0-3 aurkako emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bi taldeak soberan dute ausardia eta jokoaren edozein ezbehar gainditzeko gaitasuna eta baliabideak. Lauburu, horren jakitun, itzulerako partidara bizirik iristeko premia zuten. Partiduari heldu eta markagailuan aldea murriztea zuten bigarren zatirako helburu Nagusia. Lehenengo minutuan estreinatu zuten markagailua, Rafa kapitainak atezaina urrutiko jaurtiketa batekin ezustean harrapatzean. Handik aurrera taldea indartu eta aukerak bata bestearen atzetik iritsi ziren, baina tartea murriztea lortu gabe Matarok ere berean jarraitzen baitzuen. Marcos atezainak kataluniarren trantsizio arriskutsu batzuk ezerezean utzi zituen, baina 29. minutuan estrategiazko gol batek Lauburukoen ametsa pixka bat urrundu zuen.

Ibartarrek ez zuten etsi. Minutu batzuk geroago, Diestrok atezain jokalariaren aldeko apustua egin zuen. Zaldua aritu zen lan horietan oraingoan eta lasaitasuna eta ildoa eman zion eraso moreari. Chukyren jokaldi batekin 2-4koa iritsi zen.

Bost minuturen faltan, Matarok bosgarrena lortu zuen, baina segidan Valenek 3 eta 5ekoa jarri zuen markagailuan eta azken minutuetarako hauspoa eman zuen. Azken minutuan lortu zuten Mikel Diestroren mutilen partidua berdintzea, Valen-en bigarren golarekin, eta, sei segundo besterik falta ez zirenean, Rafa kapitainaren eskutik.

Hala ere, kanporaketa ez da amaitu eta moreak irabaztera derrigortuta daude hurrengo fasean egon nahi badute. Lehenengo 40 minutuetan ez bada, berdinketa lortu eta luzapenean izan beharko da. Bestela, kantxa faktorea aldeko duten kataluniarrak izango dira play offean aurrera egingo dutenak. Partida larunbatean izango da, eta Lauburuko zaletu talde bat ere joango da taldeari indarra emateko.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Berdinketa lortuta, play-offean bizirik jarraitzen du Lauburuk

Berdinketa lortuta, play-offean bizirik jarraitzen du Lauburuk