Tolosa Goierri
Belauntza Cup futbol txapelketa antolatu dute herriko zelaianIzena emateko epea irekita dago eta talde irabazleak Municheko Octoberfestera bidaia eramango du
Amaia Núñez
belauntza.
Viernes, 27 de junio 2025, 21:31
Lagunarteko futbol txapelketa berri bat sortu dute Belauntzan eta ez nolanahikoa. Saria harrigarria izatea nahi zuten eta, horrela, askoren ametsa dena egi bihurtzeko aukera izango dute irabazleek: Munich-en ospatzen den Oktoberfest garagardo festara bidaia. Lehiaketa uztailaren azkeneko astean jokatuko da, baina orain ireki dute izena ematea.
Belauntza Cup izendatu dute txapelketa eta herriko zelaian jokatuko da. Herria sustatzeko ekimen bat bezala sortu zen. Hortik abiatuta, Belauntzako enpresa eta eragileak inplikatu dituzte antolatzaileek. Erronka berri hau, beraiei esker atera ahal izan dute aurrera Ibai Irisarri antolatzaileak zehaztu duenez. Udalak ere hasieratik babestu du ekimen berri hau.
Berdegune bakarra dago eta txapelketa guztian zehar ondo mantentzea nahi dute. Horregatik, gehienez ere 21 taldek parte hartuko dutela erabaki dute. Lehiaketa 6 jokalarirekin jokatuko da (atezaina barne), eta talde bakoitza 10 pertsonek osatuko dute, entrenatzailea barne. Edozein mailatako zaletuei irekita dago, baina gutxienez 16 urte beteta eduki beharko dituzte parte hartzaileek.
Izena emateak irekita daude iada belauntzacup.com helbidean. Talde bakoitzak 150 euro ordaindu beharko ditu, baina hasiera batean taldeen aukeraketa egin bitartean, ordezkariaren eta taldearen izena eta harremanetarako datuak bakarrik jasoko dituzte. Behin zeintzuk jokatuko duten jakiterakoan egin beharko da ordainketa eta taldekide guztien datuak jakinarazi beharko dira.
Astebeteko epea dago taldeek izena eman dezaten. Ondoren, jasotako eskaera kopuruaren arabera, zehaztutako kopurua baino gehiago badira zozketa egingo dute 21 taldeak aukeratzeko.
Partiduak 20 minutuko bi denborakoak izango dira, 10 minutuko beroketarako denborarekin eta 5 minutuko atsedenaldiarekin. Epaile batek epaituko ditu norgehiagokak eta, berdinketa egonez gero, penalti jaurtiketa egingo da.
Txapelketa uztailaren 22tik 27ra jokatuko da. Partiduak arratsaldetan izango dira, 15:00etatik 21:00etara asteartetik larunbatera bitartean. Igandean, berriz, finalak 18:30ean hasiko dira. Taldeei uztailean zehar jakinaraziko zaie zein den bakoitzaren egutegia. Hasierako egunetan ligaxka egingo da multzoka eta, ondoren kanporaketak.
Finalen eguna festa jardunaldia izatea nahi dute eta, horregatik, egun berezia antolatu dute. Belauntzako Ostatua egunero egongo da irekita eta, igandean Perurenaren Foodtruck-a ere egongo da bere hanburgesak eskainiz.
Gainera, txapelketa egun guztietan zozketak egingo dituzte eta hainbat sari lortzeko aukera izango dute bai jokalariek, bai ikusleek. Besteak beste, afariak, motxilak, Belauntza Cup-eko arropa, eta abar.
Txapeldunek sari potoloa eramango dute: Oktoberfestera bi eguneko bidaia taldeko hamar pertsonentzat. Horretaz gain, herrian bertan egindako kopa eta kamiseta bana lortuko dituzte. Podiuma osatzen duten bigarren eta hirugarren sailkatuek ere jasoko dute garaikurra, baita txapelketako jokalari onenak.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.