Bederatzi harri-jasotzaile lehiatuko dira XIII. Gorostidi Harrian

Iñaki Gorostidi XIII. Txapelketako kartelarekin. /  NÚÑEZ
Iñaki Gorostidi XIII. Txapelketako kartelarekin. / NÚÑEZ

NÚÑEZ ADUNA.

Hamahirugarrenez Adunako frontoian momentuko harri-jasotzaile hoberenak elkartuko dira Gorostidi Harriaren Txapelketan, datorren maiatzaren 5ean. Azken urteetan egin den moduan harri-jasotzaile bakoitzak bost harri jaso beharko ditu, bitan bakoitza, 10 minutuko denboran eta nahi duen ordenean. Aurten aukeratutako harriak 150 kiloko kubikoa, 160 kiloko zilindroa, 159 kiloko harri baldarra, 155 kiloko errektangularra eta 113 kiloko bola izango dira.

Jokin Eizmendi, Aimar Irigoien, Aimar Galarraga, Beñat Telleria, Josetxo Urrutia, Sergio Mielgo, Gorka Etxeberria, Imanol Ilarramendi eta Xabier Peña izango dira Adunako pilotalekuan lehiatuko diren harri-jasotzaileak. Gainera, lanak bete ondoren, nahi duenak Iñaki Gorostidik esku bakar batez jaso zuen 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrez jasotzen saiatu ahal izango du. Lortzen duenak 500 euroko sari berezia jasoko du. Txapelketa arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta sarrera borondatea izango da.