'Trans-formatzen' dokumentala Paraguayko festibal baterako hautatua izan da

Ekaitz, Garazi eta Aitor. /
Ekaitz, Garazi eta Aitor.

J. U.BEASAIN.

Aitor Lanas iruindarrak eta Garazi Zabaleta eta Ekaitz Goikoetxea beasaindarrek osatzen duten HiKiru taldearen 'Trans-formatzen' dokumentala uztailaren 15etik 20ra ospatuko den Paraguayko XV. LesBiGayTrans Zine Festibaleko Sail Ofizialean lehiatzeko hautatua izan da.

Urtebete eskas da Lanas, Zabaleta eta Goikoetxea transexualitatearen inguruko ertz eta ahots ezberdinak bilduz ondutako dokumentala argitaratu eta herriz herriko eta ikastetxez ikastetxeko ikustaldi eta lanketetan murgildu zirela. Eta urtebete pasatxoan 20 herri eta beste hainbeste ikastetxe ezberdin baino gehiago dira dokumentalaren ikustaldi-lanketa eta 'Naizen' elkarteko kideren baten bizipenekin trans-formatzeko aukera izan dutenak.

«Oso gustura»

HiKiru taldeko kideak «oso gustura» daude ikastetxe, auzo, herrietan, gaztetxo nahiz helduengandik jasotako arreta, harrera eta esker onarekin, eta baita Euskal Herriaz haragotik iritsi berri zaienarekin ere, eta mezu eta aupada bakoitza eskertuz, irrikatsu jarraitzen dute udazkenetik aurrera ere Euskal Herriko ikasgela eta zinemak koloreztatu eta trans-formatzen jarraitzeko.