«Gezurrak ahotan dabil Udal gobernua», dio Eh Bilduk

J. U. BEASAIN.

Beasaingo EH Bilduk prentsa ohar baten bidez dio Udal Gobernua «gezurrak ahotan» dabilela «Beasainen geroari buruzko bere ikuspegia, bai ala bai, garatuko dela defendatzeko». Horretarako, gainera, baliabide publikoak «erabili ditu».

EH Bilduk gogoratzen duenez, «udal webguneak Espainiako Sustapen Ministerioak, trenbidearen saihesbidea egingarri ote den aztertzeko, informazio-lanak kontratatzeko deialdia egin duela jakinarazi zigun». Orain, «saldu nahi digu balizko lan horien ondorioz libre geratuko den lurzorurako aurreikusita daudela merkataritza guneak, aisialdirako eta kirolerako espazioak, etxebizitzak eta abar. Eta hori, beraien buruan, bakarrik dago aurreikusita».

«Herritarren parte-hartze prozesu bat dauka oraintxe martxan Udalak, Beasainen geroa ebazteko. Errespetu falta galanta prozesu horretan parte-hartzen ari diren herritarrekiko», diote Bildukoek. «Beste behin ere, bai ala bai, gobernuak nahi duena egingo dela, alegia». «Atzo webguneko testu hori sotilki, inori ezer esan gabe aldatu dute, honakoa dio orain 'baldin eta hau gauzatuko balitz, gune horretan eremu berdeak, merkataritzarako guneak, aisialdirako eta kirolerako espazioak, etxebizitzak eta abar aurre ikusiko lirateke'». Udal gobernuak «ikasi behar du egia bere desioetatik bereizten, herritarrei errespetua agertzen, eta lehia elektoralean guztionak diren baliabideak ez erabiltzen».

 

Fotos

Vídeos