Azoka Herri-lanaren erakustoki Adunan igandean

Herritar ugari elkartu ziren aurkezpenean. /  DV
Herritar ugari elkartu ziren aurkezpenean. / DV

NÚÑEZ ADUNA.

Adunako herri-gunea azoka-gune bihurtuko da igande honetan, antzinako lanen erakustaldiak eta artisautza azoka uztartuko dituen ekitaldian. Herrian zehar zazpi gune antolatu dituzte eta berrogeita bost postu egongo dira horietan. Bakoitza gai baten ingurukoa izango da: jantzigintza, okinak, idazleak, erlezainak, margolanak, odolkiak, txakolina, eskulanak, loreak, pateak, eta abar. Gehienak, berrogei, herritarren esku egongo dira. Erakustoki postuez gain, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako artisau postu bana ere izango da.

Adunarren ia erdiak parte hartuko du azoka berezi honetan. Beraien esku egongo dira erakustaldiak, herriko ondare eta aukeraren arabera aukeratu direnak. Honela, garbitoki bat dagoela aprobetxatuz garai bateko lixiba nola egiten zen ikasi dute jendaurrean erakusteko.

Urte guztian garatzen joan den proiektua izan da herri azokarena, igandeko azokan eta datorren asteko Kultur Astean ikusi ahal izango dena. Honela, auzolanean garia, babarruna eta artoa erein dituzte, txorimaloak egiten ikasi eta soroan jarri, taloak egiten ikasi eta abar.

Horrekin erlazionatuta 'Ogiaren ibilia' dokumentala grabatu dute, datorren ostegunean, hilaren 15ean, aurkeztuko dena. Jarduera horiek guztiek herri izaera sendotu dutela nabarmentzen dute herritarrek.

Azoka herrigunean banatuta egongo denez, ezingo da kotxez Adunara igo. Errepidea 9:30ean itxiko da eta aparkalekuak antolatu dira Ibai-Ondo, Uparan, Urtaki eta Irizar guneetan. Horietatik doako autobus zerbitzua egongo da herrira igotzeko. Hasiera ekitaldia 10:00etan egingo da. Azoka goiz guztian irekita egongo den arren, ekitaldiak ez dira horretan amaituko. Frontoian herri baztaria izango da 14:30ean eta bazkalondoren erromeria antolatu da, Ttipika taldearen dantza-saio gidatuarekin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos