Auzo konposta bidez egindako konposta banatu du Udalak estreinakoz erabiltzaileen artean

Astearte eguerdiko ekitaldian parte hartu zuten herritarrak udal ordezkariekin. /  GOIKOETXEA
Astearte eguerdiko ekitaldian parte hartu zuten herritarrak udal ordezkariekin. / GOIKOETXEA

Hamar zakukada banatu dituzte lehen ekinaldi honetan

AMAIA GOIKOETXEA ALEGIA.

2017an eskaini zien Alegiako Udalak herritarrei auzo konposta egiteko aukera. Bi urte geroago Kalebeheran, Kalegoran eta Larraitz auzoan kokaturiko guneetan herritarrek botatako hondakin organikoekin egindako konposta banatu die Udalak auzo konposta egin dutenei.

Astearte eguerdian egindako ekitaldian izan ziren Unai Iraola alkatea eta Beñat Bergara Udaleko ingurumen teknikaria. Azken honek azaldu zuenez, «31 familia daude une honetan auzo konpostaren egitasmoan izena emanda, eta urtean 12 tona hondakin organiko botatzen dira». Gaineratu zuen konpostari egin beharreko azterketa tekniko guztiak egin zaizkiola «salmonella edo escherichia colli bezalako bakteriarik ez duela ziurtatzeko eta kalitatezkoa dela bermatzeko». Ekitaldian parte hartu zuten hamar herritarrek beraien konposta jaso zuten Udalak horretarako prestaturiko zakuetan.

Udalak gogorarazi du herritarren batek auzo konposta ekimenean parte hartuko nahiko balu udaletxera jotzea besterik ez duela.