'Ataungo 12 etxe' pintura erakusketa bihar aurkeztuko da

Ostirala eta larunbatean ikus ahal izango da udaletxeko ganbaran

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOATAUN.

Izaro Erauskin Altunaren zaletasunaren berri izanik, 2018an Atauniker elkarteak Ataungo 12 etxe huts eta bereziak margo zitzala eskatu zion, herrian zeharreko etxe eta baserriak elkarrekin hautatuz. Harrezkero, Arte Ederretako ikasketekin uztartuz, horretantxe jardun du banan-banan hurbilduz, ikuspegi egokiena hautatu eta lanari ahal den zorrotzen helduz, etxe edo baserriari bere itxura ahal den neurrian errespetatuz.

Margo bakoitzaren atzean anitz gauza, istorio, historia, irudipen, gertaera etab. ezkutatzen dira; alde batetik, gure aurrekoen bizimodua eta, bestetik, oraingoaren egoera 'hutsa' edo 'biziduna'. Iradokizun-bide bilaka dadila.

Erakusketan zehar ikusleak orokorrean ikus ditzake bizilekuak, besterik gabe, baina arbasoen arrastoa edo bere bizileku izan duenari zirrara bortitza sortuko zaio bat-bateko oroimena esnatzen zaion heinean.

'Ataungo 12 etxe' pintura erakusketa bihar aurkeztuko da udaletxeko ganbaran 19:00etan, eta ostirala (19.00etatik 20.00etara) eta larunbatean (11.00etatik 13.00etara) izango da ikusgai.