«Ataun biziberritzeko proposamen zehatzak eta elkarlana eskaintzen ditugu»

Xabier Barandiaran EAJko beste zerrendakideekin. /
Xabier Barandiaran EAJko beste zerrendakideekin.

EAJren alkategaiak, Xabier Barandiaranek, herria indartzeko hamar oinarritako programa aurkeztu du

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ATAUN.

«Ataun biziberritu eta herritarren arteko lankidetza bultzatzeko» helburua berretsi zuen atzo EAJren Ataungo alkategaiak, Xabier Barandiaranek, Udal Hauteskundeetarako zerrenda eta programaren aurkezpenarekin bat. «Proposamen zehatzak, kudeaketa eraginkorra eta elkarlana eskaintzen dizkiogu herriari», adierazi zuen, eta horretarako herriaren eta herritar guztien mesedetan «konpromisoa, lanerako gogoa eta esperientzia» uztartzen dituen hautagaitza eman zuen ezagutzera Barandiaranek.

Herriari «bultzada sendo bat» emateko proposamen «berritzaile eta aurrerakoiak» ezagutzera eman zituen zerrendaburuak. Besteak beste, erabilera anitzeko zentro edo gizarte-etxe berri bat eraikitzea, herria gurutzatzen duen errepideko puntu beltzak konpontzea, herria txukun mantentzeko ahalegina indartzea, adinekoentzako zerbitzuak hobetzea eta herriko eskola gunea bultzatzea.

Hautagai gisa egindako aurkezpenean aipatu bezala, Barandiaranek Ataunen alde lana «gogotik» egingo duela hitza eman zuen. Bere jardunean, gaineratu zuenez, «ingurumenaren zaintza eta konpromisoa» garatzearen alde egingo du, «herriko intereseko gaietan herritarren partaidetza» bultzatuko du, «kolektibo ahulenen mesedetan» lan egingo du eta «gizon eta emakumeen berdintasuna lehentasunezko gaia» izango da. Hautagaiak azpimarratu zuen «elkarbizitza eta elkarlana» bultzatuko dituela gidatzen duen lan-taldeak.

Horrez gain, EAJren programak proposatzen du Ataungo Egitasmo Estrategikoa garatzea, ahalik eta herritarrik gehienak inplikatuz; langabezia egoera bizi dutenei laguntzeko enplegu-sustapen plana; baserri bide eta herri lurretako irisgarritasuna bermatzeko egokitzapen lanak; herribidean beharrezkoak diren konponketak egitea eta falta den zatiari amaiera ematea; eta hasita dauden etxeen eraikuntza amaitu eta hutsik dauden etxe-bizitzen alokairua bultzatzea.

EAJren zerrendakideak hauek dira: Xabier Barandiaran Irastorza; Kontxi Sukia Garmendia; Joakin Goikoetxea Goikoecheaundia; Bixente Dorronsoro Mintegi; Bittor Oroz Izagirre; Joxan Goikoetxea Etxeberria; Maria Carmen Sukia Garmendia; Alberto Arellano Arrese; Iñigo Kerejeta Aierbe. Ordezkoak, Juan Felipe Barandiaran Garmendia; Leandro M. Imaz Mujika, Fermin Arrese Arratibel.