Asto gainean ihesi beste behin

Ilusioa. Gaztetxoak, ezinbesteko pieza antzezpenean./
Ilusioa. Gaztetxoak, ezinbesteko pieza antzezpenean.

Santa Ana komentuaren inguruan Familia Sakratuaren Egiptorako ihesa antzeztu zuten lazkaotarrek euripean

AINARA ALARCIA LAZKAO.

XVII. mendean du jatorria lazkaotarrek errege egunaren ondorengo igandean urtero ospa-tzen duten jaiak, Astotxo Egunak, 1652. urte inguruan Santa Ana komentuko lekaimeak Familia Sakratuaren Egiptorako ihesaren bibliako pasartea harrizko irudiekin errepresentatzen hasi zirenean. Tradizioa zen orduan Lazkaora hurbildu eta komentuan Jesus, Maria, Jose eta, batez ere, astotxoaren irudiak bisitatzea, 80ko hamarkadan lazkaotar talde batek irudi hauei beste dimentsio bat eman eta pertsonaia bizidun bilakatu zituen arte. 2000. urtetik, Gipuzkoako Enkarterrietako asto lehiaketa ospatzen da gainera herriko plazan, gero eta indar handiagoa hartux doan lehiaketa.

Atzokoan ere tradizioa bete zen eta jende ugari izan zen Lazkaora festaz gozatzera hurbildu zena, eguraldiak gehiegi lagundu ez zuen arren. Lazkaotar talde batek gogor jardun du lanean azken asteetan, beste urte batez Familia Sakratuaren ihesaren antzezpena antolatzeko, eta egindako lan guztiaren emaitza ikusteko aukera izan zen Lazkao Txiki Zelai inguruan. Goizean goiz dena zegoen prest; Santa Ana komentua eta Infantadoko jauregiaren inguruak mende batzuk atzera egin eta Judeako herri bat zirudien.

Txikienak izan ziren lehen protagonistak eta 2012an, errepresentazioak 25 urte bete zituenean, estreinatu zen desfilearekin ireki zuten antzezpena. Antzezle gazteenek osatutako komitibak horretarako prestatutako kalea zeharkatu zuen 12:30etik aurrera eta antzerki nagusiaren txanda iritsi zen gero. Herodesen haserrea ikusteko aukera izan zuten atzokoan ere hurbildu zirenek, Jose, Maria eta Jesus haurra beste urte batez asto gainean urruntzen ziren bitartean.