Borrar
Artzain kultura izango da protagonista datorren asteburuan.
Be! asteburua antolatu dute hirugarrenez artzantza ezagutarazteko

Berastegi

Be! asteburua antolatu dute hirugarrenez artzantza ezagutarazteko

Ardi kulturaren munduan barneratuko da Berastegi datorren ostiraletik igandera ekitaldi ugarirekin

Amaia Núñez

Berastegi

Sábado, 22 de marzo 2025, 20:56

Sei ardi daude herritar bakoitzeko Berastegin. Ardiek lagundu dute gaur egun herriak duen itxura mantentzen belaunaldiz belaunaldi eta, horregatik, hirugarren urtez jarraian Be! Asteburua antolatu dute Udalak eta herritarrek elkarlanean. «Asteburu honekin, protagonismoa eman nahi diegu gurekin bizi diren ardiei, eta haien mundua, zuekin elkarbanatu nahi dugu», diote antolakuntzako kideek.

Datorren asteburuan, martxoaren 28tik 30era bitartean, ospatuko da ardien mundua ezagutzera emateko jardunaldia. Hiru egunetan ohiko egitaraua mantendu dute: ostirala hausnarketarako eguna izango da, larunbata esperientziak bizitzeko eta, igandean, aire libreko museo bihurtuko da berriro Berastegi. Asteburua Berastegin igaro nahi dutenentzako ere, autokarabanentzako gunea prestatu dute.

Ostiralean, 'Be!' Asteburuaren aurkezpenaren ondoren, esperientziak elkarbanatu eta hausnarketarako eguna izango da. Aurten 'Etorkizuna hausnarrean' izango da jardunaldiaren gaia eta, atzera begira baino, aurrerantz begiratzeko ariketa egingo dute. Horretarako, alor desberdinetako pertsonek parte hartuko dute arratsaldean zehar osatuko den egitarauan.

Andoni Zuriarrain alkateak egingo du aurkezpena 14:30ean eta, segidan, 'Pentsamendu-hariak' erakusketa inauguratuko du Kris Meraki Berastegiko artistak. Ondoren, 15:00tean 'Izan zirelako gara, garelako izango al dira?' tertulia egingo da. Iraitz Garaiburu eta Oier Ugartemendia herriko artzain gazteek Josu Ozaitaren galderak erantzungo dituzte. Jarraian, hainbat hitzaldi eta elkarrizketa egingo dira: 'Ardi ilea, hondakina ala baliabidea?' aurkeztuko du Joseba Sanchez ikerlariak, 'Gazteak, artzaintzaren oraina eta etorkizuna'z hitz egingo du Ane Gartziandia Gomiztegi artzain eskolako kideak eta, bukatzeko, etorkizunerako gakoen inguruan elkarrizketa egingo dio Eneko Maiozek Aritz Ganboa artzainari. Egunari amaiera emateko, ikusleek parte hartzaileei galderak egiteko aukera izango dute eta, ondoren, lutx eta tertulia irekiak egongo dira.

Hainbat jarduera

Larunbatean, artzantzaren inguruko esperientziak bizitzeko aukera egongo da: mondejuak egiten ikasi (9:30ean Urepele elkartean), astoekin Gorosmendiko larreetara igo ardiak eramanez Astotrek-ekin 10:00etan, artilearekin ontziak egiten ikasi Kris Merakiren eskutik (hiru saio 15:30etik 17:30era) edota gazta dastaketa gidatua Ordiziako Gazta Kofradiari esker (18:00etan). Ekintza hauetakoren batean parte hartu nahi dutenek, aurrez izena eman beharko dute plaza mugatuak baitira. Horretarako beartzainkultura@gmail.com helbidera idatzi edo 600.567.730 telefonora deitu edo whatsapp mezua bidalita.

Igandean ardien munduan barneratzeko ibilbidea egongo da Berastegin. Bi kilometroko ibilbidean artzain kulturaren bizimodua, ohiturak, jarduerak, nortasunak eta zaporeak bizi eta ezagutzeko aukera egongo da goizean: ardien gunea, meta zuzenean, asto itzuliak, erakusketak, artzain txakurren erakustaldia, ardi jeztea, ardi ile moztea, photocall, gazta dastaketa azkarrak, tailerrak, ARTEile erakusketa eta abar.

Gainera, Gazpio gaztandegira bisita gidatuak egiteko aukera egongo da 11:00etan eta 12:30ean. Horretarako, aurrez izena ematea beharrezkoa da. Era berean, 12:30etik aurrera azoka gastronomikoa egongo da eta, bertan, arkumea eta gaztarekin egindako platerak jan ahal izango dira. Amaiera aldera, erromeria.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Be! asteburua antolatu dute hirugarrenez artzantza ezagutarazteko