Asteburu biribila gabiriarrentzat

Gabiriarrek ere bat egin nahi izan zuten larunbatean Goierritik igaro zen Korrikan. / BAZTARRIKA
Gabiriarrek ere bat egin nahi izan zuten larunbatean Goierritik igaro zen Korrikan. / BAZTARRIKA

ARANTZAZU BAZTARRIKA GABIRIA.

Pasa den asteburua bikaina izan da Gabirian, eta ez eguraldi eguzkitsuagatik soilik, nahiz eta horrek ere asko lagundu duen.

Hasteko, ostiral arratsaldean Asisko Urmenetak egindako Eusklabo alaiak hitzaldi ilustratuak kultur etxeko Murgil gela lepo bete zuen.

Hurrengo egunean, 9:30etarako herritar multzoa prest zegoen Uribar baserriaren parean Korrikara batzeko, Gabiriak ere bai baitzituen bere kilometrotxoak. 11:30etan ,berriz, herrigunean pitxo hotzen lehiaketa zegoen. Parte hartzaile aniztasuna begi-bistakoa izan zen, helduen kategoria Iñaki eta Irati Etxezarreta aita-alabek eginiko pintxoek irabazi zuten; haurren kategoria ,berriz, Izar Gastañazatorre eta Leruxi Etxezarretak eginikoek. Ostean, herriko bertsolariekin leihotik leihorako saioa egon zen, hau da, bertsolari bakoitza Ostatu aurreko plazatxoa inguratzen duten eraikin bakoitzeko leiho batean aritu zen kantari: Endika Igartzabal Ostatu bertako leihoan, Gorka Maiz kultur etxeko liburutegiko batean eta Aratz Igartzabal Balentzategi eskolako geletako batean.

Larunbatarekin amaitzeko ordea oraindik bazen beste bertso saio bat herrian, Aztiria auzoko Aztiri Bat elkartean zehazki. Bertan, Aztiria saria nork irabaziko eta Osinalde sarirako nor klasifikatuko lehiatu ziren sei bertsolari gazte: Ane Peñagarikano zarauztarra, Beñat Mujika donostiarra, Joanes Illarregi Leitzarra, Josune Aramendi markinarra, Ibai Amillategi gernikarra eta Peru Abarrategi aramaioarra. Saio ederra eginda, apirilaren 27an Osinalde elkartean egingo den Osinalde sarirako Ibai Amillategi eta Joanes Ilarregi sailkatu ziren, azken hau entzuleen saria irabazita.