Araman amaituko du Gure Zirkuak aurtengo bira

Aritstak oso gertutik ikusteko aukera ematen du. / IÑIGO ROYO
Aritstak oso gertutik ikusteko aukera ematen du. / IÑIGO ROYO

Hamalau saio eskainiko ditu urriaren 25etik azaroaren 3ra eta sarrerak gaur jarriko dira salgai

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOARAMA.

Araman esango dio agur Gure Zirkuak aurtengo birari. Urriaren 25etik azaroaren 3ra bitartean

Araman eskainiko dituzte azken saioa, eguneko bi, 18:00etan eta 20:30etan. Igandetan (urriak 27 eta azaroak 3) 12:00etan eta 18:00etan izango dira. Guztira hamalau saio egingo dituzte bertan.

Sarrerak gaur jarriko dira salgai,9:00etatik aurrera, www.eventbrites.es atarian edo Ordiziko Vicuña Sport dendan (kale Nagusia, 11), sare sozialetan jakinarazi dutenez.

Gure Zirkuak bigarren denboraldia Oiartzunen hasi zuen. Iker Galartza Amezketako aktoreak zuzendutako taldeak euskaraz ere zirkoa egin daitekeela erakutsi zuen iaz, eta aurten berriz ere jendea harrituta uzten ari da.

Euskal Herrian sortutakoa da Gure Zirkua, eta bertako artistekin osatua dago: alanbre gainean Garazi Pascual lasturtarra, trapezioan Iraitz Lizarraga zizurkildarra, akrobaziak egiten Koldo Arakistain zarauztarra, magia egitearen ardura Asier Kidam gasteiztarrak izango du, malabarrekin jolastekoa Ekain Ibarguren azpeitiarrak, eta Irati Gonzalez iruindarra telak eta akrobaziak egiten ditu. Joseba Usabiaga tolosarra 'Don Martin' pailazoa izango da, eta Galartza 'Poxpolo' pailazoa. Azken biek egingo dituzte aurkezpen lanak ere.

Ametsak euskaraz

Galartzak nabarmendu du zirkua erabat euskalduna dela. «Zirkua gure ametsa da eta gure ametsak gure hizkuntzan bizitu nahi ditugu». Emanaldiak euskaraz izango dira. Izan ere, «gure hizkuntza euskara da, euskaraz bizi gara, eta, beraz, zirkua ere euskaraz egiten ari gara».

Ametsak betetzen ari da Galartza. «Poliki-poliki bagoaz aurrera, gure ametsak osatzen. Bigarren denboraldiari hasiera emango diogu, ilusio osoz», gaineratu du.

«Guregana etortzen denak poza ikusiko du, lagun talde baten ilusioa. Era guztietako numeroak eskainiko ditugu: trapezioa, umorea, telak airean, akrobaziak, magoa, malabaristak, pailazoak, abestiak... Ordu eta erdiz gozatzeko parada izango dute ikusleek».