Abaltzisketa
Aralar natura-parkearen eguna Errekonta inguruan ospatuko da aurtenEkainaren 8an izango da jardunaldia eta Donostia eta Tolosatik doako autobusak egongo dira Larraitzeraino
Iaz eduki zuen emaitzaren ondoren, Aralarko natura-parkearen eguna ospatuko da bigarren urtez jarraian. Ingurune horrek duen garrantzia aitortu nahi du jardunaldi horrekin Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritza nagusiak. Datorren ekainaren 8an, igandearekin, ospatuko da, Abaltzisketako Errekonta ingurunean.
Aralarko natura-parkea Gipuzkoako handiena da, 109 kilometro koadroko azalerarekin, eta 1994an izendatu zen. Errekontan egingo den jardunaldiak natura-parkeko ondarea ezagutzera ematea du helburu eta horretarako goiz osoko egitaraua antolatu da. Larraitzen, Zamaoko atsedenlekuan, egin dute hitzordua, goizeko 09:30ean.
Bertatik, ingurumen-hezitza-ileek gidatuta joango da taldea Errekontaraino. Ordu eta erdiko ibilaldia egingo dute eta, hortaz, mendian ibiltzera ohituta egotea eta oinetako aproposak eramatea gomendatzen dute. Era berean, haur oso txikiekin joateko desegokia dela jakinarazi dute. Gainera, txakurrak eramatea debekatuta dago.
Artaldeen funtzioa ezagutarazi, hegazti bat askatu, dantza eta musika emanaldiak eta gazta dastaketa egongo da
Doako autobusak
Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita edota 943 180 335 zein 688 895 069 telefonoetara deituta. Era berean, Aldundiak Larraitzeraino doako autobusa jarriko du Donostiatik eta Tolosatik. Autobusez joan nahi dutenek ere aurrez izena eman beharko dute.
Errekontan goizeko 11:00etan hasiko da festa. Paraje horretan uda igarotzen duen artaldea ikusteko aukera egongo da eta aditu batek natura-parkean betetzen duen eginkizuna azalduko die bertaratuei, baita nola zaintzen eta ustiatzen den. Jarraian, Basabizin, Aldundiak Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroan, artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko da.
Ondoren, festaren tartea hasiko da Abaltzisketako txantxoen dantza emanaldiarekin. Inauterietan bakarrik eskaintzen da dantza hau herrian etxez etxe. Jarraian, Migel Zeberiok zuzendutako Et Incarnatus taldearen soka lauko-boskote batek 'Menditik itsasoraino dantza (II)' emanaldia eskainiko du.
Goizari amaiera emateko, gazta dastaketa egingo da eta erosteko aukera ere egongo da. Kasu honetan, edalontzia etxetik eraman beharko dute parte hartzaileek. Saioa amaitutakoan, Zamaoko atsedenlekura itzuliko dira oinez ingurumen-hezitzailearen eskutik. 14:30erako Larraitzen egotea aurreikusten dute.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.