Aralar institutuko eta San Juan ikastetxekoek Eskola Agenda 21ean landutakoa erakutsi dute

Aralar institutuko, San Juan eskolako eta Udaleko ordezkariek hartu zuten parte asteleheneko foroan. /
Aralar institutuko, San Juan eskolako eta Udaleko ordezkariek hartu zuten parte asteleheneko foroan.

Klima aldaketa izan da aurten landutako gaia eta ateratako ondorioak aurkeztu zituzten udaletxean egindako foroan

GOIKOETXEA ALEGIA.

Alegiako Aralar institutuko eta San Juan ikastetxeko Eskola Agenda 21 egitasmoko arduradunak Alegiako Udalean izan ziren maiatzaren 7an, udal ordezkariekin urtero egiten duten foroan. Ikasturtean zehar ingurumenarekin lotura duen gai bat lantzen dute eta aurreko urtean gai horren inguruan hartutako konpromezuak eta proposamenak bete ote diren aztertzen dute foro horretan.

Bada, klima aldaketaren inguruan lanketa ezberdinak egin dituzte mailaz maila. Hala nola, eskolako zein herriko kontsumoak aztertu dira, birziklapena, aztarna ekologikoa, mugikortasuna, klima, erosketa berdearen irizpideak, energia plana eta beste hainbat puntu aztertu dira. Bakoitzaren ikuspuntutik egungo egoera zein den eta zein hobekuntza egin litezkeen landu da.

Lanketa horretatik ateratako ondorio nagusiak aurkeztu zituzten Udal foroan. Garraio publikoa eta bizikletaren erabilera areagotzea, ura aurreztea, zaborrak ondo bereiztea eta energiaren erabilera zentzuduna egitea izan dira aurtengo lanketatik atera diren konpromezuetako batzuk.

Horiek betetze aldera, ondoko proposamenak egin dituzte gaztetxoek: bizikletak aparkatzeko guneak gehitzea, garraio publikoa merketzea eta tren geltokia irisgarri egitea, birziklatzen ez duenari isunak jartzea, energia kontsumo ohiturak aldatzea eta garraio publikoko eskualdeko sarea hobetzea.

 

Fotos

Vídeos