Antton Labaka izan zen irabazle Anoetako lehen krono-igoeran

Haurrek ur-deposituraino igo behar izan zuten euren proban. /  ARGAZKIAK NÚÑEZ
Haurrek ur-deposituraino igo behar izan zuten euren proban. / ARGAZKIAK NÚÑEZ

Mendi ibilaldia eta Xalbador Garmendiari omenaldia izango dira gaurko egitarauan

NÚÑEZANOETA.

Eguraldia lagun, arrakastaz beterik ospatu zen Anoetako I.go Krono-igoera. Dozena bat parte hartzaile izan ziren, bai herritarrak baita eskualdeko txirrindulariak ere. Ikusleek ere ez zuten huts egin eta ibilbide guztian gogoz animatu zituzten parte hartzaileak. Txulo baserriaren ondotik atera ziren eta Isasti mendiraino igo, 1,8 kilometroko ibilbidea osatuz. Isastiko helmugan Antton Labaka izan zen lehenengo, lau minutu eta hiru segundoko denboran. Segidan iritsi zen Montxi eta hirugarren Yurrita.

Helduen krono-igoeraren aurretik haurrena egin zen. Hauek ur-deposituraino igo behar izan zuten, 1,2 kilometroko ibilbidearekin. Lehenengoa Oier Yarza izan zen, hiru minutu eta hogeita hamalau segundotan. Bigarren, Eneko Ayestaran izan zen, eta hirugarren Ekaitz Aizpuru.

Gaur mendi-ibilaldia

Gaur goizean, mendi ibilaldia egingo da 'Zer ematen zigun/digu basoak?' izenburupean. Mendizaleak 10:00etan abiatuko dira plazatik. Arratsaldean, 18:00etan, Xalbador Garmendia omenduko dute plazan, Zaldibiako Udalarekin elkarlanean. Euskal idazlea, zaldibiarra jaiotzez, urtez luzez Anoetan bizi izan zen, lehengo urteko azaroan zendu zen arte. Besteak beste Zeruko Argia aldizkarian zuzentzaile, Eusko Kontseilu Gorenako itzultzaile eta Egin egunkariko euskara arduraduna izan zen; Euskaltzain urgazlea ere bazen. Itzulpengintzan 'Printze txikia' liburuaren itzulpena da nagusi bere lanen artean. Euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuen lanagatik hil osteko omenaldia jasoko du gaur.