San Antonio jaiei agur bikaina

Gaztetxoek dantza emanaldia eskaini zuten igande goizean, eta arratsaldean herritarren arteko herri-kirol saioa izan zen. 100 kiloko bolarekin agurra eskaini zuten. /  YARZA
Gaztetxoek dantza emanaldia eskaini zuten igande goizean, eta arratsaldean herritarren arteko herri-kirol saioa izan zen. 100 kiloko bolarekin agurra eskaini zuten. / YARZA

YARZAERREZIL.

Lau eguneko egitarauaren ondoren igandean agurtu zituzten San Antonio jaiak Errezilen. Goizean herriko gaztetxoek dantza emanaldia eskaini zuten dantzalekuan. Haurrek eta gaztetxoek dantza tradizional zein berriagoak eskaini zituzten, lagun eta herritarren txaloak jasoz.

Arratsaldean, herritarren arteko herri-kirol saioa izan zen eskolako patioan. Saioa hasi aurretik Aimar Irigoienek, Izeta IV.ak eta Goenatxo III.ak harri-jasotze erakustaldia eskaini zuten. Ondoren, herritarrei laguntzen aritu ziren, Nerea Sorondo eta Itsaso Onsalo aizkolariekin batera. Herritarrak 30 urtetik gorako eta beherako taldeetan banatuta parte hartu zuten zaku saltoan, zaku karreran, trontzan, lokotxekin eta korrika. Hiru aldiz osatu behar izan zuten zirkuitua eta guztietan parean izan baziren ere, gazteek lortu zuten garaipena.

Amaieran, soka-tira egin zuten bi taldeen artean. Nesketan bietan gazteek irabazi zuten, eta mutiletan berdinketa izan zen. Ohitura den bezala, erakustaldiari amaiera emateko 100 kiloko bolarekin agurra eskaini zuten Irigoienek, Izetak eta Goenatxok. Jaiei amaiera emateko dultzaineroek kalejira egin zuten, buruhandiekin batera.