Anton Elosegi, EAJ-PNVren Ikaztegietako alkategaia

Anton Elosegik 22 urte ditu. /
Anton Elosegik 22 urte ditu.

Kudeaketa «zintzo, zorrotz eta gardena» egiteko konpromisoa hartu du

NUÑEZ IKAZTEGIETA.

Anton Elosegi da EAJ-PNVren Ikaztegietako hautagaia, horrela erabaki ostean alderdiaren tokiko batzordeak. Hautagai jeltzaleak arlo soziala eta ekonomikoa uztartzen ditu bere agendan, eta birziklapena eta «inposaketarik» gabeko hondakinen bilketarako eredu berri baten aldeko apustuak egiten ditu. «Ikaztegieta sendoa nahi dugu, etorkizuna duena. Biharko herria denon artean eraiki nahi dugu», esan du alkategaiak, kudeaketa zintzo, zorrotz eta gardena egiteko konpromisoari helduz.

Elosegik 22 urte ditu, eta Gizarte Lanetan graduatua da Deustuko Unibertsitatean. Azaldu duenez, hautagaitza hartzea «sekulako erronka» izan da berarentzat, eta «ilusioz eta arduraz» eutsi dio desafioari. «Berme guztiak» eskaintzen dituen taldea aurkezten da berarekin, gaztetasuna, esperientzia, talentua, ilusioa eta konpromisoa ezaugarri dituena. «Prest gaude Ikaztegietari behar duen bultzada emateko», esan du hautagaia jeltzaleak. Izan ere, bere ustetan, herriak urte gehiegi daramatza geldirik, «eta aldaketa behar du aurrera egin eta hain geurea den dinamismoa berreskuratzeko».

Bere hauteskunde proposamenari dagokionez, Elosegik hondakinen bilketarako sistema berri baten alde egin du, bosgarren edukiontzia eta ordutegi mugarik eza ezaugarri izango dituena. «Birziklapenaren alde egingo dugu, baina inongo muga edo inposaketarik gabe», gehitu du. Esparru ekonomikoan, bere aldetik, hautagai jeltzaleak udalerriko industriaguneak berrikustea proposatzen du, herrira jarduera ekonomiko berria erakarri eta tokikoa sortzen laguntzeko.

«Birziklapenaren alde egingo dugu, baina inongo muga edo imposaketarik gabe»

Elosegik agenda sozial sendo baten alde ere egiten du, arreta berezia jarriz mendekotasun egoeran dauden pertsonengan eta adinduengan. «Egun dauzkagun zerbitzuak eta arreta mantendu eta indartu behar ditugu», eta «Ikaztegietan inor atzean geratu ez dadin lan egin behar dugu». «Gure herrian, pertsona guztien beharrei erantzungo zaie, inongo ezberdintasunik gabe», azaldu du EAJ-PNVren hautagaiak.

Azkenik, Elosegi buru den hautagaitzaren proposamenak landa ingurunean, etxebizitzan eta herriko azpiegituretan ere jartzen du azpimarra, «orain arte jaso dutena baino arreta gehiago eta hobeagoa behar baitute alor hauek guztiek».