Amak taldeak 'Egiaren arnasa' abestia estreinatu berri du
1936an fusilatutako bi olaberritarrei egindako kantua da, Martzelo Lasa eta Jesus Bujandari hain zuzen ere
BELEN PARRA
OLABERRRIA.
Asteartea, 27 urria 2020, 00:18
Hilabete honetan Amak taldeak 'Egiaren Arnasa' abestia aurkeztu zuen. Abesti hau Olargi Memoria Taldearekin itundu zen, 1936 eta hurrengo urteetan Olaberrian bizi izandakoa islatzeko. San Joan Txikiko festetan aurkeztu egin behar zen, baina eguraldi txarra zela eta, bertan behera utzi behar izan zuten.
Bizi dugun egoera kontuan hartuta, ezinezkoa izan da Olaberrian aurkeztea abestia eta Amak taldeak hilabete honetan bira amaitzen zuela ikusita, abestiaren estreinaldia Lazkaon eskainitako kontzertuan egitea erabaki zen. Hala ere, ahal bezain laster, koreografiarekin batera abestia aurkeztuko zaie olaberritarrei.
Melodia eta ahotsak Amak taldearen esku badaude, Antonio Barandiaran eta Joxe Angel Munduate izan dira letraren sortzaileak. Bertan, Olaberriaren historiako gertaera mingarrienetako bi kontatu nahi izan dituzte, gerran gertatutakoak. 1936an fusilatutako bi olaberritarrei egindako kantua da, Mar-tzelo Lasa eta Jesus Bujandari hain zuzen ere.
Abestiaren aurkezpenean iragarri bezala, «orain dela gutxi argitu dira fusilamendu hauen nondik norakoak, orain dela gutxi hartu du arnasa, hortik datorkio abestiaren izena: Egiaren arnasa».
Koreografia
Melodiaz, ahotsaz eta hitzez gain, dantzak garrantzia izan du Olaberriko hamar gaztek sortutako koreografiaren bidez. Zortzikoa bezalako euskal dantzaren urratsak erabili dituzte, besteak beste, perkusioa indartzeko «brokelak eta makilak» eta ikurrina elementu garran-tzitsua izan da eszenifikazioan.
Olargi Taldeak eskerrak eman nahi dizkie bai Amak taldeari bere konposizio musikalagatik, bai hamar gazte olaberritarrei koreografian egindako lanagatik, eta Antonio Barandiaran eta Jose A. Munduateri sortutako hitzengatik. «Denen artean musika eta dantzaren bitartez lortu bait dute Martzelo, Jesus eta gerra zibil koldar hark zauri senda ezinak utzi zizkien familia guztiak gogora ekartzea».