«Alegiak izan dituen merkatari izaera eta kultur bizitza anitza indartu nahi ditugu»

EH Bilduko hautagaiak / A.G.
EH Bilduko hautagaiak / A.G.

Eskoletako patioan gune estalia egokitzea eta osasun etxe berria eraikitzea, EH Bilduren proposamenetako bi

AMAIA GOIKOETXEA ALEGIA.

Aurreko legealdietan udaletik eginiko lanari jarraipena eman eta herriko eragile eta taldeen jarduerei laguntzeko asmoarekin osatu du Alegiako EH Bilduk Arantxa Irazusta buru duen taldea: «Alegia nortasun handiko herria izan da, merkatari izaerari kultur bizitza anitz eta aberatsa uztartzen jakin izan duena. Herri nortasun hori indartzeko gure ekarpena egin nahi dugu».

Aurrean dituzten erronkei dagokienez, ·egunerokotasuna ahaztu gabe eta epe luzeko ikuspegia kontuan hartuta·, arreta eskatuko duen erronka nagusia klima aldaketa dela adierazi dute. «Alegiako Plan Orokorra irizpide ekologikoekin egin da eta datozen urteetan garatu beharko da. Hondakinen sorrera eta bereizketan kontzientziazio maila handitzeak garrantzi berezia izango du, mugikortasun eredu jasangarriagoa bultzatzearekin batera·.

Mugikortasun eredu horri dagokionez, «San Juan kaleko oinezkoentzako sistema berrikusi beharra dago, eta Renfeko tren geltokiaren segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko neurriak eskatzen jarraituko dugu», azaldu dute taldekideek.

Kultur bizitza eta aniztasuna indartzeko lanabes egokiena euskara dela sinetsita dago Arantxa Irazusta buru duen taldea. «Alegiako kirol eta kultur taldeei laguntza ematen jarraitzeaz gain, lehentasuna emango diogu eraberritze eta mantentze lanak behar dituzten azpiegituretan inbertitzeari, Kultur eta Kirol Etxean edo zinean, nagusiki».

Alegiako osasun zentroa egungo kokalekutik mugitu eta eraikin berri batera eramatea proposatzen du Alegiako EH Bilduk. «Proiektu hori Hegoalde eremuaren hirigintza moldaketaren zati bat litzateke, etxebizitza berriekin, Kultur eta Kirol Etxerako sarrera zabalago batekin eta lurpeko aparkalekuekin batera», azaldu dute. «Osasun etxeak ez luke oztopo arkitektonikorik izango, dena oin berean litzatekeelako». Proiektu hau aurrera eraman ahal izateko Osasun Sailaren konpromisoa ezinbestekoa izango dela zehaztu dute taldekideek.

Aire libreko kioskoa eraiki nahi dute Bulebarrean. «Bertako biribilgunea aire libreko kiosko batentzako kokaleku egokia izango da, eta hainbat ekintza aurrera eramatea ahalbidetuko du».

Jolaserako gune estalia, zenbait aukera aztertu ondoren, «eskoletako patioan kokatzea» proposatzen dute. «Kirol eta ekitaldi jendetsuak antolatzeko aukera emango liguke. Frontoi itxiaren alternatiba polita dela iruditzen zaigu eta batean zein bestean bana genitzake gero eta ugariagoak diren herritarrek antolatutako ekintzak».

Franconi eremua

Azkenik, Alegiako EH Bilduk Franconi eremurako proposatzen duenak bi zati ditu. «Batetik, egungo eraikina mantentzeko berritze eta konpontze lanak egitea aurreikusten dugu, eraikinari beste erabilpen batzuk emateko aukera zabalduz. Bestetik, aisialdirako eremu moduan indartzeko eta uda partean alternatiba bat herrian izateko, bainurako putzu natural bat jartzea litzateke gure asmoa. Bioeraikuntzako irizpideetan oinarritutako bainu leku bat izango litzateke, landare bidezko uraren autogarbiketa sistema bat duena. Hala, azpiegitura ekologikoki jasangarria eta ingurumenari kalterik egingo ez diona izango litzateke».

Proiektu hori Altzoko Udalarekin elkarlanean eramango luke aurrera Alegiako EH Bilduk. Arantxa Irazusta buru duen taldeak garbi utzi nahi izan du aipatutako proiektu guztiak herritarren parte-hartzearekin eraman nahi lituzketela aurrera.