San Adrianera erromesaldia igandean

San Adrian eta Santu Espiritun mezak izango dira

EDURNE ALBIZUZEGAMA.

Ekainean aurrera goaz eta, urtero gertatzen den modura sasoi honetan hasten dira Aizkorpen dauden hainbat ermitetan meza eta erromesaldiak.

Honela, igandean, San Adrianen izango dugu meza goizeko 9:30etan, bai zegamarrok eta bai idiazabaldarrek ere. Meza elkarrekin izango dute eta hamaiketako ere elkarrekin egingo dute San Adrianen. Ondoren, eguerdiko 12:00etan, Zegamako Udal gorporazioak Gurutze Santun egingo dio Idiazabalgo gorporazio eta herritarrei harrera, ohikoa denez, bi alkateek aginte makilen trukaketa egingo dute aurten ere, eta ondoren, herriko ostatuan hamaiketakoa eskainiko die bisitarie.

Bestalde, 11:30etan, Santu Espirituko ermitan Meza izango da, Sebastian Ugalderen eskutik. Ondoren hamaiketako Atxa oilategiak eta Urmeneta harategiak eskainita.

Amezti mendi Elkartekoek ere, leitzako Ariz mendietara irteera egingo dute. Leitza-Asketa-Bidate-Arnaizu eta itzulera NA-123 ibilbidetik burutuz.

Bestalde, ostiral iluntzetik hasi eta igande goizalderarteko ospakizunak antolatu dituzte Olarango auzotarrek.

Laguntzaileen afaria

Maiatzaren 31 eta ekainaren 2an burutu ziren aurtengo Zegama-Aizkorriko frogak, (Maratoia, KB eta Juniorra). Aurten antolakuntzak, laguntzaileen artean egiten duen afaria, irailetik ekainera aurreratzea erabaki du.

Ondorioz, afaria datorren ekainaren 21ean, ostiralean, egingo da eskolako patioan eta bertan parte hartu nahi duenak izena eman behar du ekainaren 18 bitartean.

Izena emateko hiru era daude : 943 801115 udaletxeko telefonora deituz. 676408802 telefonora whatsapp-a bidaliz edota kultura@zegama.eus helbidera mail bat idatziz. Hiruretan afarira datozenen izen-abizenak aipatu behar dira.