San Adrian igarobideko sekretuak ezagutzeko txangoa hurrengo larunbatean

Indusketak egiten ari dira azken urteetan./
Indusketak egiten ari dira azken urteetan.

E. ALBIZUZEGAMA.

Datorren larunbatan Gizateriaren Ondare den San Adrian igarobidean egiten ari diren indusketa arkeologikoak ezagutzeko ibilaldi gidatua antolatu du Zegamako Anduetza Parketxeak. San Adrian igarobidean indusketa arkeologikoen 13. kanpaina burutuko da aurten eta arkeologoen lana bertatik bertara ikusteko ibilaldi gidatua da.

San Adriango igarobidea (Leizarrate) garrantzia historiko handiko lekua da. Gaurdaino han egin diren indusketa arkeologikoek, Erdi Aroan ez ezik, Historiaurrean ere gune garrantzitsua izan zela erakutsi dute. Hain zuzen ere duela 12.000 urteko aztarnak aurkitu dituzte. Ibilaldian zehar Aizkorri-Aratz natura parkeko gune ezagun eta magiko honen historia eta sekretuak azaleratuko dira.

Ibilaldi gidatua Aldaolako aparkalekutik abiatuko da goizeko 10:00etan. Aldaolako aparkalekua Otzaurtetik (Zegama) 4 kilometrora dago eta autoan irits daiteke bertaraino.

Handik San Adrian igarobidera ordu erdi dago oinez. Prezioa 5 euro pertsonako izango da.

Ibilaldi gidaturako izena emateko nahiz informazio gehiago jasotzeko, hemen: anduetza@gipuzkoamendizmendi.net helbide elektronikoa, edo 943 80 21 87 / 688 62 36 09 telefono zenbakietan.