8.170 euro jaso ditu Aspanogik Ikullu Racing taldearen eskutik

Bittor Andonegi, Aspanogiko lehendakaria, Ikullu Racing eta udaleko ordezkariekin batera. /  ALARCIA
Bittor Andonegi, Aspanogiko lehendakaria, Ikullu Racing eta udaleko ordezkariekin batera. / ALARCIA

Martxoan lehiatu zen Rallysprint solidarioak utzitako diru-etekin osoa eman dio talde lazkaotarrak Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteari

AINARA ALARCIA LAZKAO.

VI. Rallysprint Goierriren antolatzaileek, Ikullu Racing taldeak, lasterketa egunean bildutako diru-etekina eman dio aste honetan Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteari, Aspanogiri. Rallysprinta martxoan lehiatu zen, Euskadiko rallysprint txapelketaren baitan, eta automobilismoak bere alde solidarioena erakutsi zuen berriro ere Lazkaon. 8.170,33 euro bildu ziren lasterketa egunean eta 8.170,33 euro jaso ditu oraingoan ere Aspanogi elkarteak.

Herenegun egin zuen Ikullu Racingek egutegiko proba ofizialak utzitako diru-etekina emateko ekitaldia, udaletxeko pleno aretoan, eta bertan izan zen Bittor Andonegi, Aspanogiko lehendakaria, Ikullu Racing eta udaleko ordezkariekin batera. Andonegik berak jaso zuen txekea, beste behin elkarteari lagun-tzeko diru hau lortzen lagundu duten guztiei eskerrak eman ondoren. «Ez dugu oraindik zehaztu zertan erabiliko ditugun ia 8.200 euroak -esan zuen Andonegik- baina ziur Gipuzkoako Haur Minbizidunei eta hauen familiei lagundu eta gaitzaren aurka borrokan dauden bitartean ahalik eta zerbitzu hoberenak eskaintzeko izango dela, hau baita gure elkartearen helburu nagusia».