Martxan da LegorretApp aplikazio berria

LegorretApp aplikazioa. /
LegorretApp aplikazioa.

NÚÑEZ

Herritarrekiko komunikazioan pauso berri bat eman du Legorretako Udalak martxan jarri duen aplikazioarekin. Ostegunean aurkeztu zuten Zelai Amenabarro alkateak eta Josean Telleria, aplikazioa garatu duen ACV Multimedia enpresako arduradunak. Herritarrekin harreman azkarra eta zuzenekoa lortzeko helburuarekin sortu dute aplikazioa, izan ere, herritarrek udalari jakinarazpen eta eskaerak egiteko aukera emango baitu.

LegorretAppen bidez herriko albiste, agenda, argazki eta bideoak jasoko dira mugikorrean, bai udalarenak bai herriko eragileenak ere. «Webgunearekin bateratua dago eta bertan argitaratzen den guztia aplikazioan ere argitaratuko da zuzenean», argitu zuten. Sare sozialek ere bere txokoa izango dute eta Udalaren Facebook eta Twitter kontuak ikusi ahal izango dira baita sare sozialak dituzten herriko taldeenak ere.

Gainera, udal azpiegiturak eta materialak zuzenean erreserbatzeko gunea du eta bestelako informazioa ere emango du: autobusen ordutegia, telefono interesgarriak, eguraldia eta, turistentzako, herriko txoko interesgarrien mapa edukiko du.

Aplikazioak herritarren aldetik «erantzun ona» jaso duela aipatu zuen Zelai Amenabarrok aurkezpenean, martxan jarri zenetik «bost egunetan 159 aldiz deskargatu baita». Google Play eta App Storen eskuragarri dago eta doakoa da.

Pantaila elektronikoa

Azken asteetan gainera Udaletxeko fatxadan pantaila elektronikoa jarri da. Bertan herriko informazioa eta agenda argitaratuko da, besteak beste.