Manolo Urbieta zenaren omenezko kantaldia

Manolo Urbieta zena./
Manolo Urbieta zena.

Zarautz-Txiki abesbatzak kantatuko du herriko elizan datorren ostiralean, hilak 10

EL DIARIO VASCO

Manolo Urbieta zena martxoaren 10ean jaio zen, eta haren omenez Zarautz-Txiki abesbatzak kantaldia egingo du datorren ostiralean, hilak 10, Goiazko elizan, iluntzeko 8etan hasita. Musikari batzuen laguntzaz ariko dira neska-mutikoak.

Urbietak oso txoko maitea zuen Goiatz. Hango Mikelandegi baserria hiru bazkideren artean erosi eta Zarauzko haur eta gazte talde askorekin, musika eta kantua zirela medio, egunak eta asteak pasatzen zituen bertan, kantak sortuz, musikaren magia haur eta gazteei pasaz, naturarekin biziz eta gozatuz...

«Garai liluragarriak ziren haiek zarauztar askorentzat eta ondo merezia baino gehiago du Manolok, Goiatzen, bere urtebetetzea izango zen egun honetan, Zarautz-Txikik duen kantu errepertorio zabala, bere egunean, bere txoko maitatuenean, opari gisa, bere omenez abestea», adierazi du Jaione Escuderok, abesbatzaren zuzendariak.

Atzerriko kantak, euskal kantak eta, logikoa denez, Manolo Urbietaren abesti batzuk izango dira entzungai kontzertu horretan.