Ane Insaustik irabazi du 'Coca-Cola' literatur saria

Ane Insaustik Donostiako Basque Culinary Center-en jaso du saria. /
Ane Insaustik Donostiako Basque Culinary Center-en jaso du saria.

EAEn 800 idazle gazteren parte-hartzea izan duen lehiaketan, euskarazko atalean nagusitu da Aralar BHI-ko ikaslea

EL DIARIO VASCO

Aralar BHIko ikasle Ane Insausti Caballerok irabazi du, euskarazko atalean, idazle gazteei zuzendutako Coca-Cola literatur lehiaketa entzutetsua. Gaztelaniazkoa, berriz, Bilbora joan da. Hamasei urtetik beherako gazteei zuzendutako lehiaketa orain dela 56 urte hasi zen antolatzen gaztelaniaz, eta euskarazko atala duela 13 sortu zuten. Euskadin ez ezik, Katalunian, Balear Uharteetan eta Andorran ere badu berariazko deialdia lehiaketa horrek. Euskadin aurtengo edizioan 800 gaztek hartu dute parte lehiaketan, gaztelaniazkoak eta euskarazkoak batuta. Espainiar estatu osoan, berriz, 12.400 izan dira parte-hartzaileak.

EAE mailako sariak Donostiako Basque Culinary Center-en egindako ekitaldian banatu dira, eta hortxe jaso du berea Ane Insaustik. Sariarekin batera, ekainaren 24an Madrilen, Real Academia Española-ren egoitzan, egingo den gala nagusira joateko aukera eskuratu du, eta 'Coca-Cola esperientzia' delakoaz gozatzekoa ere bai. Esperientzia horren aurreneko zatian, hiru egun emango dituzte Madrilen, idazketa-tailerrak, idazle ezagunek emango dizkieten eskolak, sorkuntza tailerrak eta aisialdiko jarduerak uztartuz. Bigarren zatian, berriz, Londresen bizi ahal izango dituzte horrelako esperientziak, beste hiru egunez.