Plazida Otaño liburutegiko ateak zabalik

Herritarrek eraikin berria ikusteko aukera izan zuten./
Herritarrek eraikin berria ikusteko aukera izan zuten.

Zizurkil, Larraul, Asteasu, Aduna eta Alkizako bizilagunek erabili ahal izango dute zerbitzua eta eraikina hemendik aurrera

ELISA BELAUNTZARAN

«Oso polita» zioten Otaño ikastetxeko irakasleak; «argitsua eta txukuna» zioten ama batzuk txiki txokora sartu zirenean eta gaztetxo batzuk «aukera handia dago liburu, disko eta CDn artean». Zizurkilgo alkatea den Joxemari Luengok berriz, «inauguratu dugu baina orain erabili egin behar da». Plazida Otaño liburutegia zalbadu zuten atzo Zizurkilen eta herritar ugari hurbildu ziren atzokoan. Zizukildarrak eta Aiztondo bailarakoak, izan ere, Plazida Otaño liburutegia bailarako liburutegia da.

Inauguraketan, Zizurkilgo udal ordezkariekin batera Larraul, Aduna, Asteasu eta Alkizakoak izan ziren. Aldundiko Kultura Zuzendaria den Mari Jose Telleria ere bertan izan zen. Denek ere goraipatu zuten liburutegi berri honen funtzioa eta Josu Amilibiak, Adunako alkateak, azpimarratu nahi izan zuen «bailarako ikuspegia» eta «kontzientzia» indartzeko balio duen tresna modura, «elkarrekin jardutea ezin bestekoa da» esan zuen horrelako proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Maite Amenabar, Zizurkilgo alteordeak ere «herri arteko lanaren aldeko apustua egin genuen, zerbitzu baten alde eta kulturaren aldeko» emaitza modura aurkeztu zuen Plazida Otaño liburutegia eta eskerrak eman nahi izan zien «apustu honen alde egin duzuen guztioi».

Atzoko ekitaldian, Unai Mendizabal bertsolariak bertso batzuk bota zituen eta Bukalai dantza taldeko kideek ikuskizun polita eskaini zuten. Ondoren, zabalik gelditu zen Maria Altuna artista zizurkildarraren erakusketa berezia.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos