Karobia piztu zuten Larraulgo eskolako haurrek

Eskolako haurrak eta irakasleak ederki pasa zuten asteartean Antzola baserriaren ondoko karobian. /
Eskolako haurrak eta irakasleak ederki pasa zuten asteartean Antzola baserriaren ondoko karobian.

NÚÑEZ

Koldo Jauregik azken urteetan aurrera eraman duen proiektuak bere helburua lortu zuen asteartean Antzola baserriaren ondoko karobian. Duela bi urte eta erdi hasi zuen karea modu tradizionalean egiteko proiektua, baina orduan karobia suntsitua zegoen. Iaz karobia eraberritu zuen eta Ekomuseoa kudeatzen duen DINA7 taldean elkartu ondoren atzo iritsi zen martxan jartzeko eguna.

Larraulgo eskolako haurrek protagonismo berezia izan zuten ekitaldian. Eguerdian kanpaia jo zen eta ondoren txalapartak eman zion hasiera ekitaldiari. Jauregik azaldu zuenez, antzina karobiaren pizteko lehenengo sua bedeinkatzen zen, «Aste Santua bazen Su Berriarekin egiten zen eta gainerakoan bedeinkatutako kandelarekin», esan zuen. Asteartean ere horrela egin zuten, zuzia haur guztien eskuetatik pasatu ondoren, Xubanek zuzia eskuan zuela bertsoa kantatu zuen su eman aurretik.

Karobia 30 tona kare harriz beteta dago eta hiru edo lau egun eta gau egon beharko dira egurra sartzen suak tenperatura nahikoa hartu arte, 1.000 eta 1.200 gradu inguruan. Lan horretan Jauregiri bere anaia Koldok lagunduko dio.

Antzolakoa arkukoa edo sastrakakoa bezala ezagutzen den karobi mota da. Jauregik zioenez duela 68 urte piztu zen azkeneko aldiz eta inguruan egin zen azken karea bertan egin zen. «Karobia piztu zutenetatik inor ez da bizi baina pizten ikusi zutenetatik bai», zioen. Bera ere gaztetan karea egiten ikusitakoa da eta, nahiz eta inoiz egin ez duen. Datozen egunotan bertan izango da eta nahi duten guztiei ikustera joateko gonbita luzatu zuen Koldo Jauregik, prozesua gertutik ezagutzeko.

Karobiaren piztearekin ekin zioten Larraulen Kultur Asteari. Astelehenetik aurrera makrobiotikari eta plastikoaren gehiegizko erabilerari buruzko hitzaldiak, ipuin kontaketa, dokumentala, erakusketak, eta abar izango dira igandera arte.