Arantza Agirreren margolanak ikusgai Segurako Ardixarra etxean

Margolan desberdinak ikusi daitezke Agirreren erakusketan./
Margolan desberdinak ikusi daitezke Agirreren erakusketan.

A. ETXEBERRIA

Arantza Agirre Zuazo herritarraren margolanak ikusgai daude Ardixarra etxean. Oleoak dira, azken 10 urteetan margotu dituenak: Segura, Aizkorri, Txindoki, Pagamuino baserria, eguzkiloreak, nenufareak edo beste paisaia batzuk ikusi daitezke joan zen larunbatean ireki zen erakusketan. Aurkezpenean Arantzak adierazi zuenez, «beti gustatu zait margotzea, baina azken 10 urteetan hasi nintzen teknika hobetzeko ikastaroak egiten. Donostian elkarte batean nago eta han ikastaroak egiten ditugu pintura alor desberdinekoak. Lekua ere egokia da eta lan gehienak bertan egiten ditut. Donostiako tabernetan hasi nintzen erakusketak egiten, Tolosako Frontoian ere egin nuen, baina niretzat oso berezia da herrian, Ardixarra etxean, nire lanak azaltzea eta hainbat lagun etortzea aurkezpenera».

Kolore biziak ikusten dira Arantzaren lanetan, berdea gehienbat, berak dionez, «natura gustatzen zait asko, errealismoa. Paisaiak ditut gustuko, ura beti sartzen dut oleoetan, baina azken lanetan inpresionisten eragina ere ari naiz lantzen. Monet gustatzen zait asko eta nenufareekin hasi nintzen. Eguzkiloreak margotzea ere asko gustatzen zait».

Erakusketa irailaren 6a arte egongo da zabalik, egunero, Ardixarra etxeko ordutegian: goizean 11:30etik 13:30era eta arratsaldean 16:30eik 19:30era.

 

Fotos

Vídeos