Hiru lubaki berreskuratu dituzte Belkoainen

Aranzadiko kideak erakundeetako ordezkariekin Belkoainen. /
Aranzadiko kideak erakundeetako ordezkariekin Belkoainen.

A. NÚÑEZ ADUNA.

Belkoaineko lubakiak azaleratzen eta aztarnak bilatzen egongo dira bi astetan hemezortzi gazte Aranzadik antolatutako 'Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila' auzolandegietan. Lehengo urtean lortutako emaitzei esker, aurten ere Gerra Zibilean erabilitako lubakiak berreskuratuko dituzte. Bala-zorroak, balak, kargadoreak eta metalezko pieza ugari aurkitu dituzte bertan. Igandean itzuliko dira etxera, baina atzo Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren, Iñaki Alegria UEUko Zuzendariaren, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariaren, Josu Amilibia Adunako alkatearen, Pili Legara Asteasuko alkatearen, Jose Mari Luengo Zizurkilgo alkatearen eta Marina Bidasoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza eskubideen eta oroimen historikoaren zuzendariaren bisita jaso zuten. Guztiek Belkoainen egiten ari diren lana ikusi zuten eta goizean azaleratu zituzten bala eta bestelako objektuen aurkikuntzaren testigu izan ziren.

Belkoaineko lubakietan 1936an frankistek Tolosa hartu ondoren erresistentzia antolatu zen eta hilabete inguru iraun zuten, abuztuaren erdialdetik irailaren 20ra bitartean. Kandido Saseta kapitaina zuten gidari eta beraren esanetara defentsa-sistema osatu zen, ehunka metro dituzten lubakiez osatutakoa. Adunako lubakien jatorria ez da argi ezagutzen, kasu batzuetan lursailak banatzeko harresiak aprobetxatuz egin zirela uste da, baina, dena dela, defentsa-sisteman lubaki guztiak ikusteko aukera ematen duen kokalekuak daude. Belkoaineko lubakietan aritu ziren pertsonen kopuru zehatza ezagutzen ez den arren, Javi Buces Aranzadi Zientzia elkarteko historialariak azaldu zuenez mila pertsona inguru izan ahal ziren bertan borrokatu zutenak, «ehun bat izan ziren hemen hil zirenak, erreketeak zein gudariak».

Aurtengo auzolandegiek ikuspuntu akademikoagoa izan dute. Hori dela eta, lubakietan egindako lanaz gain, Asteasu, Aduna eta Zizurkilgo herritarren testigantzak biltzen jarraitu dute eta hainbat irteera egin eta hitzaldiak jaso dituzte gazteek: Mikel Errazkin historialariak memoria historikoa berreskuratzearen garrantziaz hitz egin zien, Karlos Almorzarekin hainbat lubakietatik bisita gidatua egin zuten inguruetako gertakariak azaltzeko, eta Paco Etxeberria antropologo forenseak deshobiratze lanak azalduko dizkie, eta Elgeta, Ezkaba eta Urbasara irteerak egin dituzte bertako lubaki eta historia ezagutzeko.

Izan ere, Belkoainen dauden gazteen gehiengoak historia ikasleak dira, nahiz eta badauden medikuak eta antropologoak ere. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gazteak dira gehienak. Belkoainen egon diren egunetan lehenengo kanpainan egindako bigarren lubakia amaitu dute eta orain gorago dagoen beste bat industen ari dira.

 

Fotos

Vídeos