Zeuok hurrengoak!

1920ko zonaldeko mapa/
1920ko zonaldeko mapa

Batek, Deabruak ala Historiak berak daki zergatik, baina azken boladan orrialde, foro, mintegi anitzetan ahoskatu eta entzun egiten da oihartzun berezi eta arraroko izen bat: Zaolzie. Inork gutxik daki zer den edo non den. Europako Geografiaren eta Historiaren ezkutuko zati, kontaketa eta misterio handia dugu

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

Kokatu zuen burua Bigarren Gerratearen hastapenetan. Beti pentsatu izan dugu Polonia izan zela sufrikario handia pairatu zuen herrialdea. Besteen botere gose, egarri aseezinaren biktima. Sekula, kasik, bere buruaren jabe izan ez zena. Inorena eta denena. SESBren eta Hitlerren Alemaniaren jostailu eta truke pieza. Historia ofizialaren arabera, Hitlerrek inbaditu zuenean hasi zen Gerra. Ezkerretik, mendebaldetik sartu zen bera. Eskuinetik, ekialdetik etorriko ziren ia aldi berean Stalinen soldaduak. Bitartean, txispaz armaturik, minez eta beldurrez eutsi zioten oldar bizitzari Varsoviako ghettoaren biztanleek, herioa auzokide zuten horiek.

Bai, izkribu guztietan, kronika guztietan, gesta-kanta guztietan denek egiten dute negar Poloniako patuaz, Poloniako mendeetako madarikazioaz. Denena eta inorena izan zen herri eslaviar horren zoriaz.

Baina boteprontoan, kasik ziorik gabe ezkutu ezkutuan, ahanztura beltzean zen pasarte bat azaleratu da. Bertan, betiko biktima behin batez agertzen da Borrero. Hedabideetan, Historiaz ardura duten aldizkarietan, Historiaren zale amorratuek sorturiko foroetan, zein digitaletan zein paperezkoetan, harridura. Eta lerro edo pixel haietan, ia afrikarra dirudien izena agertzen da. Hitz handietan: Zaolzie. Baina ez da afrikarra txekiarra baizik. Egun, Txekiar Errepublikako lurraldea da. Indartsuak dira bertan, betidanik eta oraindik ere burujabetasunaren eta independentziaren aldeko jarrera eta sentimenduak. Hain sustrai sakonekoak ezen Europar Batasunak euro-eskualde jakin, zehatz eta berezia sortu duen han. Hor dagoen sumendi arras ezezaguna lehertu ez dadin esperantzaz.

Zalzoie. Olza ibaiaren bestaldean den lurraldea, ekialdeko Silesia eremuan. 1920an sortua. Poloniak eta orain jada existitzen ez den Txekoslovakiak beti desiratua. Txanpon trukea askotan, sarri, maizegi. Poloniarrak, txekiarrak eta alemaniarrak dira bertakoak. Hiru hizkuntza, hiru identitate, hiru irudikari nazional.

Zaolzieren auzia ez zen Zaolzien hasi, Sudetes mendi zerrak besarturiko eremuan baizik. 1938ko irailaren 30eko gauean, Erresuma Batuko, Frantziako, Italiako eta Alemaniako agintari gorenek sinatu zuten Historiak Municheko Akordioak izenaz ezaguturiko ituna. Zertan zetzan Europako Historiaren pasarte ilun hori? Alemaniak Txekoslovakiako Sudetes lurra bere egin nahi zuen bertan jatorri germaniarra zuen jende franko bizi zela argudiatuz. Bere egin nahi eta egin. Sartu zen bertan. Pronto beretu.

Gerra-hotsak entzun ziren Europan. Bakearen izenean, izuak jota, Txekoslovakiaren iritzia kontuan hartu gabe, galde egin ere ez sikiera, (bazekitelako zer negoziatu ez zegoela), Sudetes krisialdia konpondu nahian, Ingalaterrak, Frantziak, Italiak ontzat eman zuten inbasioa.

Poloniak, Europako potentzien ahulezia ikusita, egoera horri, Hitlerri eginiko opariari, probetxu atera nahi izan zion. Hitlerrek Sudetes inbadituarekin batera, Polonia Zaolzien sartu zen. Eta jabetu. Konkistatu. Era trakets eta modu baldarraz. Bereganatu zuen egun borrokan darraien lur hori. Poloniak nolabait, bat egin zuen gero arima zein gorputza birrindu zizkioten naziekin. Kide bitxiak sortzen dituzte desira aitorrezinek. Alferrikakoa suertatu zen, alta, gerra abentura ziztrin hura. Naziek Europako erdialde eta mendebalde osoa nahi zuten bere Poloniatik hasita. Bertan sartu orduko, Wajdaren, Conraden, Kapuscinskiren, Chopinen, Rubinsteinen, Walesaren aberriak galdu zuen azpijoko militarraz lortutako lur saila. Memento hartantxe hasi zen betetzen Zaolzie soldadu poloniarren aurrean errenditu zuen ofizial txekiarraren profezia. Entregatu zien bai lurralde hura. Baina abisu batekin, zeuok izango zarete hurrengoak. Dakigun bezala, iragarpena benetakoa zen eta borreroa biktima bilakatu zen.

Hitlerrekin ibili zen, behin batez, dantzan Polonia. Harroxko ere armaz eta banderaz. Gero, ai gero, makabro bihurtuko zen kontrapasa. Makabro oso.

Hortaz ari dira jo eta fuego hedabideak egun. Hortaz foroak. Hortaz aldizkariak. Mamuak berpiztu direlako Europan.

Temas

Euskera