Zenbat da kafe hau?

New Yorkeko burtsako langileak/AFP
New Yorkeko burtsako langileak / AFP

Urreak bezala, banilla eta safranaren moduan, kafeak Intercontinental Exchange erakundearen jabegokoa den New Yorkeko Burtsan kotizatzen du. Egunotako kotizazioaren beherakada ikaragarriak harritu eta beldurtu ditu Kolonbia, Brasil eta Vietnam herrialdeetako ekoizleak

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Dolar bat baino gutxiago librako (libra bat 453 gramo da). Kafeak aspaldi ez du horren behe kotizatu New Yorkeko burtsan. 2016tik %32a erori da prezioa. Gaurko egoera jasanezina suertatzen da bizitza (eta bizi iraupena) kafeari lotuta duten 540.000 familia kolonbiarrentzat.

0, 97 dolar 453 gramoko. Ezin liteke. Ezin eutsi. 12 urte dira erosleek horren gutxi ordaindu ez dutela. Gauza bera, kontu bera, salerosteko salneurri bera munduan kafea hazten duten herrialde guztietan. Guztientzat. Eta ez dira gutxi. Eta ez da Kolonbia ekoizle nagusia, Brasil eta Vietnam baizik. Hauexek ditugu kafe-herrialdeak, aipatutako hiruren ondoan eta ondoren: Indonesia, Etiopia, India, Honduras eta Uganda. Ezin dugu ahaztu (ez litzateke zilegi) Kenya ( Isak Dinesen idazle berdingabeak bazuen han plantazio emankorra, Afrikako Memoriak liburuan eta filmean agertzen den bezala). Ezta Jamaikako Blue Mountain izeneko altxorra ere. Nola ez gara gogoratuko, beti, bere buruari eta urguiluz Benetako Kafe Kubatarra deitzen dion anbrosia gorputz lodikoaz?

Brasildik Vietnamera eta Kubatik Ugandaraino dardarazi bizian daude milioika familia (25 milioi, zehazki). Prezio horiekin ezin da aurrera egin, ezin da bizirik iraun, ezin da plantazioak mantendu. Egun, 0,97 dolarreko zifra horrek ez du bermatzen, inolaz ere, kafe-hazkuntza. Ez Asian ez Unescok izendaturiko Munduko Ondarea den Kafe- Kulturako Paisaia deitutako barruti kolonbiarrean.

Kolonbiako Kafe-Federazioko Roberto Velez kudeatzailearen esanetan, ekoizleei, gutxienez lanketaren kostua ordaindu behar zaie baina ezinbestekoa zaie (zor zaie, errespetuz) errentagarritasun minimo bat eskuratu ahal izatea.

Baina, zer dela eta prezio beherakada izu/harrigarri hori? Naturaren, eguraldiaren, klimaren gorabeherek izan al dute eraginik? Oraingoan ez. Kafe-ekoizpena, berez, oparoa izan da. Arras. Iaz Kolonbiak 13 milioi kafe-zaku (125 kilokoak) esportatu zituen. Aurten, antzeko zifrak aurreikusten dira (13,5 milioikoak, are gehiago ere: 14,2koak) uzta oparoa eta maila gorenekoa baita.

Beraz, zer gertatzen da kafearen merkatuan? Nor dabil jolas maltzurretan prezioekin? Baietz erantzuna asmatuko kafearen ez ekoizpenarekin ez industriarekin zer ikusirik ez duten horiek: inbertsio-funtsak, putre-funtsak. Etekin ikaragarriak lortu nahian, prezioa erabakitzen dute. Ahalmena eta bitartekoak soberan baitituzte horretarako. Kolonbiako Caldas, Quindío, Risaralda izeneko departamentuetatik eta Vietnamgo Kafearen hiria den Buon Ma Thuotik l milaka kilometrora dauden bulegoetan hartzen dira kafe-biltzaileen pobrezia eragingo duten arimarik gabeko erabaki ekonomiko horiek. Ez da ez kontu berria, ustekabez harrapatzen gaituzten horietakoa, ez.

Haserre daude munduko kafe ekoizle eta kudeatzaile guztiak. Haserre gorrian. Biltzeko dira. Irailean bertan. Amerikakoek egunotan hitz egingo dute Brasilen. Geroxeago, udazkenaren hasieran Londresen elkartuko da Kafearen Nazioarteko Erakundea. Eta han, fier, borrokarako deia zabalduko dute. Aurtengo prezioak salbatu ahal izateko legezko eta merkatu borrokara deituko dute.

Kafezaleok adi, erne, atezuan izango gara. Itxaron, non daude munduko kafe-zale handienak? Oraingoan ezetz asmatuko... Holandan hartzen kafe gehien eguneko. Eta orokorrean, kafeinari gur handiena egiten diotenak ez dira ez italiarrak (ai ristretto gozo horiek!) norvegiarrak baizik!

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos