Zeluloidezko gastronomia basa

'El hoyo' filma grabatu zuteneko irudia/EFE
'El hoyo' filma grabatu zuteneko irudia / EFE

Donostiako Zinemaldiaren hirugarren eguneko saltsan ari garen honetan, goazen haratago. Haratago denboraz. Haratago zinemaz. Mintza gaitezen urriaren 26an Beldurrezko Astea irekiko duen 'El Hoyo' filmaz, Abadiñoko Galder Gaztelu-Urrutiak egindakoa

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

Oparoa. Joria. Naroa. Aberatsa. Gosegarri eta nahigarri igande honetako Donostiako Jaialdiaren Culinary Zinema sailaren dastatzeko menua. Hor dugu 'La leyenda de Don Julio, Corazón&Hueso' non haragia errearen misterioak azaltzen diren; 'La receta de la vida'; bertan mendeetan zehar sekreturik sekretuena izan den paella on bat egiteko modua azalduko dizkigute. Hala izan bedi; 'Huele a ti'-k amodioaren eta jan-gauzen arteko lotura hain subliminala baina aldi berean hain hauskaitza jartzen du agerian. Badira beste bi film gehiago egun honetako errezeta-liburu Zinemaldiarenean: Nouvelle Cuisine eta Etxaberri jatetxeko Bittor Arginzonizen erretratua dena bestea.

Alta, guk beste leku batean eta beste egun baterako dugu mahaia hartuta. Gu, asteartean Torontoko jaialdian Ikusleriaren Saria eskuratu zuen Galder Gaztelu-Urrutiak atondutako mahaira arrimatuko gara urrian. Urriaren 26an. Donostiako kale Nagusiko Antzoki Zaharrean. Guk dastatuko dugun menuak 'El hoyo' du izena eta badu zerikusi franko jatekoarekin, baina hain da basa, hain da nazkagarri, hain da okaztagarri ze inor ez baitzen ausartu (egiari zor, inori ez baitzitzaion otu sikiera) SSIFFeko Culinary Zinema saileko menurako hautu egitera.

Alta, jateko franko dago 'El hoyo'-n. Izan ere, janaria da beldurrezko, terrorezko, izuzko film politiko eta sozial honen gontza, ardatza; gidoiaren eta kameraren zio eta xede, arma eta tresna, mezu eta bitarteko.

Ez dakigu non gauden. Ez dakigu joandako garaietako ipuina ote den ikusten duguna. Edo egun honetako fabula. Edo etorkizun hurbileko parabola. Ez dakigu non. Ez dakigu noiz. Ez dakigu zergatik. Badirudi kartzela antzeko batean garela. Baina, bestalde, batzuk beren kasa, beren kabuz, nahita, boluntario aukeratu izan dute han izatea.

Oso geometrikoa, oso arrazionalista, oso porlanezkoa da lekua. Apaindurarik gabea. Bi harrizko ohe eta konketa bat konpartimentu bakoitzean. Erdian. batez Izenburuko zulo hori. Hutsunea. Hutsa. Amildegia. Harrizko plataforma batek beteko duena. Egunero. Harrizko mahai horren gainean, jan-gauzak.

Bai, jatekoa bada espetxe antzeko honetan. Edatekoa ere Baina ez fidatu. Baina ez jarri kontent, ez lasaitu. Zauden mailaren, pisuaren, lekuaren arabera izango da menua. Behean dagoen horrek goian dagoenak jan berri dituenaren hondakinak jasoko ditu eta zu zauden azpitik aurkitzen denak zuk erdi utzitako platerak eta botilak baino ez ditu gozatuko. Berrehun maila inguru dago eraikin horretan. Hasierakoetan baldin bazaude, errege moduan, apaizak hobeto, jan eta edango duzu. Azkenekoetan bazaude, ordea, gabe geratuko zara. Kanibalismoari eutsi beharko diozu bizirik iraun ahal izateko. Elkar hilko dute beheko espazioak partekatzen dituzten horiek. Hobe, agian, zure burua irensten ikasiko bazenu hilabetean behin eta inolako azalpenik gabe, ez merituz ez ezmerituz, mailaz aldatuko zaituzte.

Gorantz edo beherantz. Jartzen zaituzten arabera, hilko zara gosez edo sabelkeriaz. Segun eta non zauden ohartzen zarenean eskerrak emango dizkiozu jainkoari edo zure burua zulo horretatik botako. Eroriko zara orduan harrizko mahaiaren gainean eta behean dagoenak hartuko zaitu zizka-mizka hondakinen artean. Hartuko eta, zergatik ez? Jan. Zatika. Edo xerretan. Zure odola ere edango du. Ase eta bete arte. Pixa gorritzeraino.

Merezi zuen bai 'El hoyo'-k Zinemaldiaren Culinary Zinema sailaren hasierako filma izan baina seguru ikusle finak botaka hasiko zirela eta gero, ezin bapo afaldu jauregietan. Hobe Beldurrezko Astearen aperitifarako gorde izana. Bertakoek beti jakin izan dugu txerri-jana baino bezalakorik ez dagoela.

Ah, Netflix plataformak Toronton ikusi bezain pronto Abadiñokoa den Gaztelu-Urrutiaren 'El Hoyo' erosi zuen. Aperitifa, hasierako plater edo postrerako erabiliko duela baietz.

Temas

Euskera