15 urtean, 15.000 ikaslek parte hartu dute estereotipo eta genero rolak lantzeko 'Nahiko' programan

Euskalduna Jauregian bildu dira hezkidetza programaren 2015-2017 aldia ixteko/Irekia
Euskalduna Jauregian bildu dira hezkidetza programaren 2015-2017 aldia ixteko / Irekia

Emakundek bultzatutako hezkidetza programaren 2015-2017 aldian 4.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute. Euskalduna Jauregian aldi hau ixteko eta egindako lana goraipatzeko topaketa egin dute

DVDonostia

Ikasleen arteko harremanak eta elkarbizitza hobetzea, berdintasunean eta giza eskubideetan heztea eta emakumeen kontrako indarkeria prebenitzea da 'Nahiko' programaren helburu nagusia. Emakundek bultzatutako hezkidetza programaren 2015-2017 aldian 4.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute, Euskalduna Jauregian aldi hau ixteko eta egindako lana goraipatzeko egindako topaketan azaldu dutenez.

'Nahiko' berdintasunez bizitzeko baloreak lantzen dituen tutoretza programa da, genero rolen azterketan eta giza eskubideetan oinarritzen dena. 2017 eta 2019 urteen bitartean 34 ikastetxek parte hartu dute programan, 222 irakasleren eta 4.000 ikasle baino gehiagoren inplikazioarekin. Horietako 350 ikasle inguru bildu dira Euskalduna Jauregian egindako lanaren erakustaldia egiteko Iñigo Urkullu lehendakariaren, Lucia Torrealday Hezkuntza Berrikuntzarako zuzendaria eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren aurrean. Saioan parte hartu dute, baita ere, ikastetxetako ikasleek: Santurtziko Serantes, Gordexolako Eduardo Eskartzaga, Leioako Mesedetako Andra Mari, Munitibar, Eibarko Mogel, Algortako San Nikolas, Sodupeko Eretza-berri, Bilboko Abusu eta Mallabiko Learreta Markina.

Eskubide eta ahalmenak

Lehendakariak eskerrak eman dizkie programan parte hartu duten ikastetxeei. «Ondo dakigu berdintasuna lortzeko bidea ez dela beti erraza izaten, baina bide hori egiteko borondatea eskertzen eta aitortzen dizuegu», esan du. Lehendakariak nabarmendu du berdintasunak onurak dakarzkiola gizarteari, berdintasuna giza eskubide bat izateaz gain, gizartea hobetzeko tresna bat dela, «indarkeriaren kontrako antidoto bat eta berrikuntzarako aukera», gehitu du.

Bestalde, Izaskun Landaidak azpimarratu du benetan garrantzitsua dela «talde lana» berdintasunaren alorrean, izan ere, programan ikasle, irakasle, ikastetxeetako arduradun eta familian elkarlana sustatu baita. Eta honekin batera, aipatu du Jaurlaritzaren Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkerian prebentzioa lantzeko Gida planak erraztu egin diola lana programari.

Berdintasuna, errespetua eta indarkeriarik eza lantzeko, saioen oinarrian daude giza eskubideak, eguneroko bizitzarekin lotuta, eta ikasleak gizarteratzen diren genero rolen analisia. Helburu nagusia neska eta mutilen ahalmenak modu integralean garatu ditzaten lortzea da, rol eta estereotipoak alde batera utzita.

Programa bi urtetako epean aplikatzen da zentro bakoitzean. Halaber, 15 urte bete ditu. Denbora honetan, 2003. urtetik hona, ia 200 ikastetxetan, 15.000 ikaslek hartu dute parte. Ondorioztatu dute neska-mutil horiek ezagutza handiagoa dutela estereotipoen inguruan, erantzunkidetasuna eta etxeko lanen banaketa funtsezkotzat jotzen dituztela eta agresibitatearen emaitzek nabarmen behera egin eta enpatia mailak nabarmen egin dutelarik gora.

Temas

Euskera